Adin eta eremu ezberdineko herritarrak batu ziren atzo arratsaldean Azpeitiko Berdura plazan. Batzarraren aurretik txokolate beroa banatu zitzaien bertaratutakoei, eta denak borobilean jarri ondoren, eman zitzaion hasiera mahai-inguruari.
Jubilatuek, gazteek, baserritarrek, emakumeek eta zaharren egoitzetako langileek egoeraren inguruko beraien ikuspegia azaldu zuten, krisiaren nondik norakoak eta eraginak nola bizi dituzten azalduz. Guztira, 60 bat lagun bertaratu ziren.
Ondoren, Elkar-ekin taldeko kide batek hartu zuen hitza, taldearen sorrera eta azken hilabeteotan egindako lana azaldu zituen. Ondoren, eztabaida ireki zen denen artean egin daitekeenaz hitz egiteko. Parte hartze handiaz gain, proposamen ezberdinak jaso ziren bertan, eta amaieran batzarrari jarraipena emateko erabakia hartu zen.