Urtebete igaro da Azpeitian apustu etxearen aurkako ekimenekin hasi ginenetik, eta modu askotan salatu ditugu negozio horrek herritarrei eragiten dizkien kalteak. Enpresa gutxi batzuk dirutza handiak irabazteko pentsatu eta ireki dituzten lokal horiek ondorio lazgarriak dituzte herritar askoren osasunean eta haien egoera ekonomikoan. Apustu etxeek jendearengan adikzioa sortzeko teknikak darabiltzate, eta apustuen merkatua goraka doan hein berean doaz goraka horiek sortzen duten adikzioaren ondorioak.
Hilkutxaren ekimenaren bidez, kasurik gehienetan ezkutatuta eta estigmatizatuta gelditzen den errealitate bat jarri nahi izan dugu mahai gainean: ludopatia arazoen ondorioz bere buruaz beste egiten duten pertsonena, hain zuzen ere. Joku patologikoaren desesperazio fasean ohikoa da suizidioaren ideiak garatzen joatea. Hainbat adituk egindako lanetan irakur dezakegu fase horretan dauden pertsonen %90ek izaten dituztela suizidioaren ideiak, eta jokuan adikzioa duten pertsonen artean ez dutenen artean baino %60 handiagoa dela suizidioaren ideia.
Heriotza horiek ez daude kontabilizatuta, ez dago inolako daturik eta erabat isilean pasatzen dira. Ondorioz, ez zaio inolako arretarik jartzen heriotza horien jatorriari, eta ez da inolako neurririk hartzen berriro gerta ez daitezen. Baina errealitate dira, askok ezagutzen ditugu antzeko kasuak, eta gaiari serio eusteko unea dela pentsatzen dugu Elkar-ekineko kideok.
Suizidioari aurre egiteko plan estrategikoa abiatu berri du Eusko Jaurlaritzak, baina jokuaren gaiari dagokionez, ez dirudi erakunde horrek arazoaren erroetara joateko asmo handirik duenik. Langile auzoetan apustu etxe berriak irekitzen ari dira (Azkoitian ireki berri dute bat), ludopatia gora doa modu berezian gazteen artean, eta etorkizunean egoera larriagotzen joango dela bistan da. Gaur-gaurkoz, Osakidetzak ezin die erantzun patologia horren ondorioz bertaratzen diren herritar askoren beharrei.
Dirua pertsonen bizitzen gainetik jartzearen adibide argia da apustuen merkatuena. Berriz esango dugu: apustuen merkatuak goraka doazen heinean hazten joango dira bere ondorioak ere, hala nola muturreko pobrezia egoerak, tratamendua behar duten pertsonak, pentsamendu suizidak dituzten pertsonak,eta muturreko egoerara iritsita bere buruaz beste egiten dutenak.
Ez diegu utziko gure bizitzen jokatzen.