Hamarkadetan luzatu da Israelgo estatuak palestinar herriaren aurka ezarritako okupazio eta zapalkuntza egoera. Palestinar lurrak beraienak egiteko helburuarekin, milaka herritar hil eta milioika lagun beraien etxeak uztera behartuak izan dira, urte hauetan. Okupazio militarrak, harresiak, kontrolak, asentamentu kolonoak, atxiloketak eta hilketak eguneroko albiste dira Palestinan, gehiegitan ahaztu ohi zaigun arren; izan ere, egunotan ikusten ari garen irudiak etenik ez duen okupazio honen jarraipena baino ez dira.
Oraingoan, Zisjordaniako Sheij Jarrah auzotik familia palestinarrak kanporatzeari ekin diete Israelgo Poliziek eta kolonoek, eta horrek palestinarren erantzuna ekarri du. Israelek, beste behin, bere botere militar guztia jarri du palestinarren aurka, dozenaka herritar erailez, eta palestinarren etxebizitzak eta eraikuntzak deuseztatuz.
Nazioarteko komunitatearen konplizitatea beharrezkoa du Israelek inpunitate honekin aritzeko. Gutxi dira munduan egoera honi irtenbide justu bat emateko konpromisoa duten estatuak. Gauzak honela, herritarrak ezin gara eskuak gurutzatutik gelditu: albistegietan eta sare sozialetan bonbardaketak ikusi eta haserretzearekin bakarrik ez dugu ezer lortuko.
Palestinako egoerak batu gaitu gaurkoan, baina ez genituzke ahaztu nahi munduan zehar injustizia latzak pairatzen ari diren bestelako egoerak ere. Kolonbian aspalditik dator herritarren aurkako jazarpena. Azken urteetan gerrillari ohien eta herri mugimenduko kideen hilketak ehunaka zenbatu ditzakegu. Azken asteetan, berriz, zerga erreformaren aurka kalera atera diren herritarren aurkako errepresioak ere ondorio latzak utzi ditu. Saharan ere bi emakume aktibista bortxatuak izan dira aste honetan bertan, eta errepresioak ez du etenik. Zerrenda amaigabea da, eta luze joko liguke guztiak aipatzeak. Gure elkartasuna, beraz, justiziaren eta askatasunaren alde munduan borrokan ari diren herri eta pertsona guztiei. Munduan gertatzen denak eragina du gugan, eta guk eragina dugu munduan gertatzen den horretan. Horregatik, gure txikian, gertaera horien jakitun izatea, elkartasuna eta laguntza antolatzea, eta hemendik ere eragiten saiatzea beharrezkoa dela uste dugu. Besteak beste, Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat eginez, Euskal Herriko hainbat gobernu eta enpresak kolonbiar gobernuarekin dituzten interes-harremanak salatuz, eta egoerak latzenetan dauden munduko herriei babesa erakutsiz.
Eskerrik asko guztiei eta hurrengo arte!