Pertsona migratzaileek legearen aurrean dituzten zailtasunez aritzeko solasaldia antolatu du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko ira. 28a, 10:39

Basazabal jauregian izango da hitzordua.

Saioa urriaren 6an izango da, 18:30ean, Basazabalen. Hafsa Fenehara eta Nimra Ghazanfar Ali abokatuak izango dira hizlariak.

Jatorri ezberdina duten ehunka azpeitiarrek egunerokoan nozitu behar izaten dituzte Espainiako Atzerritartasun Legeak pertsona migratzaileei ezartzen dizkien zailtasunak. Aurrez nahikoa zailtasun ez, eta legea ere aurka izan ohi dute, pertsona horientzat ez baita erraza izaten normaltasunez bizi ahal izateko babes legala lortzea. Errolda, lanerako eskubidea, osasunerako eskubidea edo herritartasuna dira, besteak beste, hamaika buruhauste sortzen dizkieten tramiteak. Egoera horiek bizi ez ditugunok apenas ezagutzen ditugu norainoko arazoak eta eskubide urraketa jasan behar izaten dituzten gure herrikide askok, lege diskriminatzaile horiek medio.

Horregatik, Elkar-ekinen interesgarria iruditu zaigu gaiari buruzko saio bat antolatzea, egoera horietara hurbildu eta herrian bertan ematen diren diskriminazio forma horiek hobeto ezagutzeko. Gaiaz hitz egiteko Hafsa Fenehara eta Nimra Ghazanfar Ali abokatuak izango dira gurekin. Interesa duten pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu, urriaren 6an, 18:30ean, Basazabalen egingo dugun solasaldi horretara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide