Amaitu da Errigorako kanpaina, eta aurtengoan ere asko izan dira egitasmo horrekin konpromisoa erakutsi duten herritarrak. Guztira 136 saski saldu dira Azpeitian, eta 8.420 euroko diru sarrera izan dugu. Horietatik 2.105 zuzenean joango dira Nafarroaren hegoaldean euskara bultzatzeko egitasmoetara. Horrekin batera, eskualde horietako ekoizleek ere bultzada hartuko dute, tokiko produktuak ekoizten eta banatzen jarraitzeko.
Euskal Herri osoan 15.500 saski saldu dira, eta guztira 235.000 euroko laguntza bideratuko da euskararen aldeko egitasmo ezberdinetara. Auzolan handia izan da aurtengoa ere, herriz herri eta eskuz esku egin duguna.
Elkar-ekineko kideok eskerrak eman nahi dizkiegu ekimen honekin kolaboratzen duten herritarrei. Datorren astean iritsiko dira saskiak Azpeitira, eta abenduaren hasieran banaketa guztiak eginda izango ditugu.