Lan eremuan ematen diren esplotazio eta jazarpen egoeren testigantzak biltzeari ekin dio Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko abe. 9a, 15:53

Bost testigantza publikatu ditu taldeak, eta datozen asteotan gehiago biltzea da helburua.

Esplotazio egoerak ez dira berriak Azpeitian, eta pandemiaren testuinguruan areagotu baino ez direla egin esatera ausartzen gara. Langileen aurkako jazarpena eta presioa egunerokoak dira herriko lan eremu askotan. Beldurrak eta tentsioak jota bizi dira herriko langile asko. Errealitate horietako batzuk zuzenean jasotzeko aukera izan dugu Elkar-ekinen gabiltzanok. Ondoren datozen bost testigantzak gure herriko errealitatearen lagin bat baino ez dira. Testigantzak anonimoak dira, kaltetuek, ondorioen beldur, horrela ateratzeko eskatu digutelako.

Lehen testigantza:

“Nire herrialdetik Azpeitira iritsi eta familia batek hartu ninduen lanean, zaintzaile gisara. Adineko gizonezko bat zaintzen nuen, barne-langilea nintzen. Egunean bi ordu nituen libre, eta asteburuak ere bai. 800 euro kobratzen nituen. Hori gutxi ez, eta gizonezkoa nitaz abusatzen saiatzen zen, gauetan berarekin oheratzeko eskatzen zidan, e.a. Familiari kontatu nion, baina ez zidaten kasurik egin. Iritsi berria nintzen, eta aguantatu egin nuen. Beldurra pasa nuen”.

Bigarren testigantza:

"Herriko enpresa batean nenbilen lanean piezak mekanizatzen. Egin beharreko lanen denborak erlojuarekin kontrolatzen zizkiguten: bai, nagusia atzean jartzen zen orraztun erloju batekin, eta denbora hartzen zigun pieza bat zenbat denboran egiten genuen. Egunaren bukaeran eguneko partea bete behar izaten genuen eta gero esplikazioak eman behar izaten genituen. Errieta ugari entzuten genuen. Gau askotan pentsatzen egoten nintzen hurrengo eguneko piezak nola egin. Egoera horretan, bat tentsioan bizi da, beldurrez...".

Hirugarren testigantza:

"Azpeitiko enpresa batean aritu nintzen lanean. Zerbait gaizki irteten zenean, enkargatua sutan, oihuka eta biraoka hasten zen. Beldurra ematen zuen".

Laugarren testigantza:

"Azpeitiko taberna batean lan egiten nuen, kontraturik gabe. Astean 60 ordu inguru egiten nituen. Ez dut paperik, eta beti nengoen prest beharrezkoak ziren ordu guztiak sartzeko. Pandemia iritsi zenean kaleratua izan nintzen. Egun batetik bestera. Ez ERTE, ez finikito, ez laguntza, ez ezer. Telefonoz deitu eta kalean nengoela esan zidan. Orain sukalde batean nago, eta egoera ez da hobea, baina hil amaieran diru bat lortzen dut alokairua pagatzeko. Ozta-ozta bizi naiz, eta presio handia dut: hurrengo hilean izango dut zerbait?".

Bosgarren testigantza:

"Pandemia garaian bi hilabete oso eman nituen lan egiten nuen etxetik atera gabe. Agure bat zaintzen nuen. Familiak ate ondoan uzten zizkidan jatekoa eta edatekoa. Ez nuen ez prestakuntzarik eta ez laguntzarik, eta pandemia hasi zenean Elkargunekoek ekarri zizkidaten musukoak etxera. Egunero bi ordu izan behar nituen libre, baita larunbata eta igandea ere. Denbora hori guztia lanean pasatu nuen, baina familiak ez zizkidan ordaindu".

Bost testigantza horiek asko galdetu gabe jaso ditugu. Ziur gaude gehiago direla antzeko egoerak bizi dituzten herritarrak. Horregatik, beharrezkoa ikusi dugu lan munduan ematen diren esplotazio eta jazarpen egoeren testigantzen bilketa bati ekitea. Eremuz eremu ahalik eta testigantza gehien bildu nahi ditugu datozen asteotan.

Kaltetuak erabakiko du noraino kontatu nahi duen, eta kaltetuarekin adostuta kaleratuko ditugu testigantzak. Gure aldetik, konfiantza eta diskrezioa eskainiko dizkiogu, jakitun baikara zein ondorio izan ditzaken beraientzat.

Testigantza emateaz gain, norbaitek aholkularitza jaso edo salaketa juridikoa jarri nahiko balu, herriko sindikatuekin harremanetan jartzen lagunduko genioke. Horrez gain, kaltetuak salaketa publikoa egin nahiko balu, gure laguntza eta babesa izango lituzke. Ez dugu beldurrik eta lotsarik izango behar den lekuan aurpegia emateko.

Testigantzak jasotzeko helbide elektronikoa: elkar_ekin@hotmail.com

Norbaitek bere testigantza aurrez aurre eman nahiko balu, korreo berdinera mezu bat idazteko eskatuko genioke, eta berarekin adostuko genuke nola gelditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide