Bilbon kale gorrian dauden migratzaileentzat neguko arropa biltzeari ekin dio Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko ots. 2a, 13:04

Datozen egunotan ahalik eta arropa gehien bildu nahi du taldeak, lehenbailehen Bilbora bidaltzeko. Soreasuko Elkargunean eta bigarren eskuko arropa dendan jasoko dute materiala.

Europarako bidean, itsasoa pasatu eta Andaluziatik nahiz Kanariar Uharteetatik Bilbora iristen ari diren errefuxiatu asko kale gorrian gelditzen dira, gaua non pasatu ere ez baitute askok. Azken asteotan asko dira bide hori egiten ari direnak. Pertsona horiek hotzari aurre egin diezaioten, neguko arropa eskatu digute Bilbotik, nagusiki gizonezkoentzat. Elkargunean, urtarrilean zehar herriko 60 familia baino gehiago hornitu ditugu arropaz, eta une honetan arropa gabezian aurkitzen gara. Horregatik, premiazko deialdi hau zabaldu nahi dugu herritarren artean, datorren egunotan Elkargunera arropa ekar dezaten.

Ahalik eta arropa gehien bildu nahi dugu (nagusiki gizon helduentzako txamarrak, jertseak, prakak, oinetakoak, galtzerdiak...), lehenbailehen Bilbora bideratzeko. Horretarako, arropa soberan duten herritarrei Elkargunera joateko deia luzatu nahi diegu. Elkargunean bertan edo bere parean dagoen bigarren eskuko arropa dendan utzi ahal izango da arropa, honako ordutegiaren barruan:

  • Elkargunean: ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.
  • Bigarren eskuko arropa dendan: astelehenetan 16:30etik 19:30era, asteartetik ostiralera 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.

Lehendik gogorra den egoera are gogorragoa egiten du neguak. Pertsona migratzaileak bidaia luzea egin ondoren iristen dira Euskal Herrira, miseriak jota, eritasunekin horietako asko. Min hori guztia arintzeko elkartasun sare indartsu bat antolatzea beharrezkoa dela uste dugu, eta horrek guztion laguntza eskatzen du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide