Joan zen astean urgentziazko deialdia egin genuen, Bilbotik iritsi zitzaigun laguntza eskaerari erantzuteko asmoarekin. Eta bai lehengo asteburuan, bai aste honetan, asko eta asko izan dira Elkargunera arropa ekartzera hurbildu diren herritarrak.
Bildutako arropa guztia sailkatu eta kaxetan antolatu ondoren, atzo arratsaldean eraman zuten Bilbora. Datorren astean gehiago eraman ahal izatea da helburua, eta datozen egunetan ere arropa bilketarekin jarraituko dugu.
Honako ordutegi honetan jasoko dira arropak:
- Elkargunean: ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:30era.
- Bigarren eskuko arropa dendan: astelehenetan, 16:30etik 19:30era; asteartetik ostiralera, 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era; eta larunbatetan, 10:00etatik 13:30era.
Unean-unean horrelako deialdiak egitera behartuak sentitzen garen arren, gogoratu nahi dugu Elkargunean urte osoan zehar aritzen garela lanean. Jarrera antikapitalista batetik, elkartasuna antolatzea da gure xede nagusia, eta horretarako, herritar askoren artean daramagu aurrera proiektua.
Lan txandak egiten, arropa dendan laguntzen, altzariak biltzen, bi dendetako egunerokoak eramatean... Jarraikortasun handia eskatzen duten zereginak dira. Egun, 70 boluntario ingururen artean egiten dugu lan hori guztia. Hala ere, Elkar-ekineko ateak zabal-zabalik ditugu, eta norbaitek edozein modutako ekarpena egin nahiko balu, mezu bat idatz dezake elkar_ekin@hotmail.com helbidera edo Elkargunera etor daiteke.