Antzeko arazoak zituzten emakume migratzaileek biltzeari ekin zioten duela urte batzuk, eta bilkura horietatik etorriko zen ondoren Malen Etxea gisara jaioko zen proiektua. Zaintza lanetan dabiltzan emakume migratzaileei aterpea eta leku seguru bat eskaintzea izan dira proiektuaren xedeak hasieratik; izan ere, barne langile (24 orduz etxe barruan) moduan lan egiten dutenak non lo egin ez dutela geratu ohi dira zaintzen duten pertsona hiltzen denean edo erresidentzia batera eramaten dutenean. Zestoan ireki zuten lehen aterpea, eta Azpeitikoa nahiz Zumaikoa etorri dira ondoren. Une honetan 18 pertsona bizi dira etxe horietan. Silvia Carrizo da proiektuaren sustatzaileetako bat, eta bera arduratu zen atzo arratsaldean Sanagustinera hurbildu ziren herritarrei azalpenak emateaz.
Luze eta zabal hitz egin zuen Carrizok, ordu eta erdi luzatu zen hitzaldian. Azken hamarkadan mundu mailan eman diren aldaketa ekonomikoekin lotu zuen zaintzan ematen ari den fenomenoa: gaur egun, lanaren banaketa globala indartzen ari dela aipatu zuen, nagusiki herrialde txiroetako emakumeak baitira herrialde aberatsetako zaintza lanez arduratzen ari direnak. Hori azaltzeko kapitalismoan eta patriarkatuan jarri zuen begirada, herrialde txiro horietako emakumeak izanik, berriz ere, kaltetuen gelditzen ari direnak.
Aldaketa horiek hurbil eta egunero ikus ditzakegu gurean ere. Euskal Herrira zaintza lanak egitera datozen emakumeen kopuruak gora egin du azken urteetan, nagusiki Ertamerika eta Hego-amerikako herrialde ezberdinetatik datozenen kopuruak, baita Europa ekialdetik ere. Hemen aurkitzen dituzten arazoak zerrendatu zituen Malen Etxeako kideak, besteak beste, amaitzen ez diren lanaldiak, soldata kaxkarrak, erregularizatzeko dituzten zailtasunak... Bereziki kezkatua agertu zen azkenaldian ikusten ari diren arazo batekin: zaintzaile horietako batzuk adinean aurrera doaz, eta geroz eta arazo gehiago dituzte lana aurkitzeko. Horrez gain, adinak berarekin dakartzan osasun arazoak dituzte, kasu batzuetan. Pertsona horiek ez dute aukerarik beraien herrialdeetara joateko: batetik, herrialde haietako osasun sistemak nekez artatuko dituelako ("dirua dutenek soilik dute osasunerako eskubidea"), eta, bestetik, urte asko kanpoan egon ondoren ez dutelako ez non eta ez nondik bizi izango. Hemen pentsio bat lortzeko nahikoa kotizazio izan gabe (kasu askotan paperik gabe aritu direlako), zer etorkizun espero dezakete?
Kritiko azaldu zen Carrizo erakundeekin ere, eta horiei egotzi zien aipaturiko esklabutza egoerak posible egitea. Bizitza duinaz hitz egiten dugunean, zaintza lanak ezin ditugula albora utzi aipatu zuen, duintasunik ez dagoelako zaintzarik ezean. Besteak beste, barne-langilearen figurarekin amaitzea eta zaintza lanei dagozkien egiturazko aldaketak egitea defendatu zuen.
Carrizoren lehen azalpenak amaituta, galderak eta gogoetak egiteko aukera izan zuten bertaratu ziren herritarrek. Bertan zeuden Azpeitiko Malen Etxean bizi diren emakumeak, eta horiek ere beraien testigantzak eta iritziak eman zituzten. Horrela amaitu zen atzoko solasaldia, baina etxerako bidean ere zer pentsatua utzi zien Carrizok bertaratu ziren 35 lagun ingururi.