Errigorako 2.336 litro olio eta 3.288 kontserba pote eskatu dira herrian

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko api. 5a, 13:15

Eskaerak egiteko epea itxita, datozen asteotan azalduko ditu Elkar-ekinek banaketaren nondik norakoak. Azpeitian, eskaerak %30 baino gehiago igo dira iaztik. Egitasmoak hazten jarraitzen du urtez urte.

Martxoaren 30ean amaitu zen Errigoraren kanpainako olioa eta kontserbak eskatzeko epea, eta asko izan dira aurtengoan ere eskaera egin duten herritarrak. Hain zuzen, 2.336 litro olio eta 3.288 kontserba pote eskatu dira herrian.

Olioaren kasuan, %36ko igo dira eskaerak, eta kontserben kasuan, %31. Dirutan, 22.754 euro gastatu dituzte Azpeitiko herritarrek udaberriko kanpainan. Eskaeren kopuruaz gain, eskatzaileen kopuruak ere gora egin du, gero eta gehiago izan baitira egitasmoarekin bat egin dutenak.

Behin eskaerak egiteko epea itxita, datozen asteotan jakinaraziko ditu Elkar-ekinek banaketaren nondik norakoak. Kopuruak gora egiteak banaketa ere konplikatuagoa egiten duenez, taldearen oharrak arretaz jarraitzeko eskaera egin nahi diegu eskaera egin duten herritarrei.

10 urte dira euskara, elikadura burujabetza, lurraldea eta auzolana oinarri dituen Errigora egitasmoa jaio zela. Nafarroaren hegoaldeko ekoizleentzat zabalpenerako tresna garrantzitsua izateaz gain, lortzen den diruaren zati bat inguru horien euskalduntzea bultzatzeko erabiltzen da. Ondorioz, egitasmo asko (euskaltegiak eta abar) diruz laguntzeko eta berriak (ludotekak, euskara oinarria duten kirol taldeak...) sortzeko ezinbesteko tresna bihurtu da Errigora.

Azpeitian ere harrera ezin hobea izaten ari da proiektua; datuak dira horren lekuko. Helburu eta bide horiei loturik jarraitu nahi dugu datozen urteetan ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide