Ukrainako egoeraren inguruko hitzaldia emango du Asier Blasek apirilaren 27an

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2022ko api. 11a, 16:00

Elkar-ekinek antolatu du hitzaldia, eta gerrari beste begi batzuekin begiratzea izango da helburua. Sanagustin kulturgunean izango da solasaldia, 18:30ean hasita.

Europaren ekialdeko egoera politikoa gertutik ezagutzen du Asier Blasek, eta komunikabide handien ohiko informaziotik eta propagandatik harago joan ohi da hango gatazka aztertzeko unean. Horregatik, interesgarria iruditu zaio Elkar-ekini begirada hori gurera ekartzea, eta Blasen ikuspegia bertatik bertara jasotzea. Politologoa eta EHUko irakaslea da Blas, eta aurrez ere egona da Azpeitian, besteak beste, Europako Batasunaren inguruko bere gogoetak azaltzen. Horrez gain, hainbat komunikabidetan azaldu izan du bere iritzia, besteak beste, Argian eta EITBn.

Ukrainako gatazka eragin handia izaten ari da mundu osoko politikan eta ekonomian, eta, ondorioz, baita milioika pertsonaren bizitzetan ere. Gatazkaren jatorria, egungo egoera eta irtenbide posibleak zein izan daitezkeen aztertzen saiatuko dira solasaldian. Hitzaldia apirilaren 27an, asteazkena, 18:30ean izango da, Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide