Hotza izango da datorren neguan pobreziak ekarriko duen ondorio larrienetako bat, baina hotzak ez gaitu guztiok berdin joko. Gurean asko dira etxeetan leiho kaxkarrak dituztenak, berogailua pizteko beldur direnak, eta neguaren gorrian hotzak eguneroko bizitza eta osasuna baldintzatuko dien pertsonak.
Iberdrolak 4.000 milioi euroko irabazi zituen 2021ean, eta azken urteetan etengabe hazi dira bere mozkinak. Energia, eskubide bat izatetik urrun, negoziorako baliabide izugarria bilakatu da sektore horretan dabiltzan enpresa handientzat. Irabazi horien itzalean daude milaka herritarrek sufritzen dituzten pobrezia eta sufrimendu egoerak. Hotza da egoera horietako bat.
Kapitalismoaren aurpegirik ankerrenaren lekuko izaten ari gara azken hilabeteetan, oinarrizko produktuen prezioak %15 igo dira hilabete gutxian, eta ez dirudi datozen garaiak hobeak izango direnik. Aurrez larri dabiltzan pertsonen egoerak okerrera egin dezake.
Egoera honetan, kaltetuenak dauden pertsonekiko elkartasuna lantzea eta elkarrekiko babesa praktikan antolatzea beharrezkoak direla uste dugu. Hori horrela, Elkar-ekinek Negu honetan hotzak, inor ez kanpaina jarri du martxan. Kanpaina horren bidez, honako material hauek bildu nahi ditu taldeak datozen asteotan:
- Manta lodiak eta lo zakuak.
- Gizonezkoentzat: neguan janzteko txamarrak, prakak, jertseak, kamisetak eta oinetakoak.
- Emakumeentzat: oinetakoak.
- Haur eta nerabeentzat (mutil edo neska): neguan janzteko txamarrak, prakak, jertseak, kamisetak eta oinetakoak.
Bildutako materiala beharrik handiena duten herritarren eta Bilbora iristen diren errefuxiatuen artean banatuko du Elkar-ekinek, datozen asteotan. Material bilketa Elkargunean eta bigarren eskuko arropa dendan egingo da.
Elkarguneko ordutegia honako hau da: ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:30etik 13:30era. Bigarren eskuko arropa dendako ordutegia, berriz, honako hau: astearteetan 11:00etatik 13:00etara; asteartetik ostegunera 17:00etatik 19:30etara; eta asteburuetan Elkargunearen ordutegi berean.