Esplotazio eta prekarietate egoerak areagotzen ari dira urtez urte, eta egungo egoerari eta etor daitekeenari buruz hausnarketa egitea garrantzitsua ikusten du Elkar-ekin taldeak. Horretarako, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia gonbidatu dugu datorren asteazkenean, azaroaren 9an, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean hitzaldia eskaintzera. Prekarietatearen orokortzea. Zer datorkigu? izenburupean eskainiko du hark saioa.
Lan munduan ematen diren errealitateak aztertzen saiatuko da hura solasaldian, eta bereziki kolpatuen dauden sektore horietan jarriko du arreta nagusia. Etxaidek bere gogoetak partekatuko ditu hitzaldiaren hasieran, eta, ondoren, iritziak trukatzeko eta galderak egiteko aukera izango dute herritarrek. Egungo egoera sozioekonomikoaz aritzeko helburuarekin antolatu du hitzaldia Elkar-ekinek.