Asko dira astero-astero Soreasuko Elkargunera arropak eta mantak ekartzen ari diren herritarrak, eta bildutakoari esker urtean bi banaketa egiten ditugu arropa beharrean dauden pertsonen artean. Joan den astelehenean amaitu genuen udazkenari dagokion banaketa, eta egunotan 137 erabiltzailek jaso dituzte arropak, baita mantak ere horrela eskatu digutenen kasuan.
Astebetez goizez eta arratsaldez egin ditugu lan txandak, erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko. Lan horretan aritu diren boluntarioei eskerrak eman nahi dizkiegu egindako lanagatik, baita erabiltzaileei ere izan duten jarreragatik. Ez da lan erraza hainbeste pertsonari arropa banatzea; izan ere, gure aldetik beti saiatzen gara bakoitzaren gustuak eta neurriak kontuan hartzen eta norberak eroso eramango duen arropa eskaintzen erabiltzaileei.
Hurrengo banaketa, udaberrian
Hurrengo banaketa datorren udaberrian egingo dugu. Hala ere, jakitun gara negua luzea dela eta tarte honetan behar berriak sortu daitezkeela edo jende berria etor daitekeela Azpeitira bizitzera. Horregatik, edozein unetan Elkargunera etorrita edo udaleko Gizarte Zerbitzuetan galdetuta emango zaie informazio osoa erabiltzaile berriei.
Aurrerantzean ere arropa, mantak eta bestelako materialak biltzen jarraituko dugu. Azkena egin genuen deialdian azaldu bezala, honako materialak dira une honetan gehien behar ditugunak:
- Manta lodiak eta lo zakuak.
- Gizonezkoentzat: neguan janzteko txamarrak, prakak, jertseak, kamisetak eta oinetakoak.
- Emakumeentzat: oinetakoak.
- Haurrentzat eta nerabeentzat (mutil zein neska): neguan janzteko txamarrak, prakak, jertseak, kamisetak eta oinetakoak.
Elkarguneko ordutegia honako hau da: ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:30etik 13:30era. Bigarren eskuko arropa dendako ordutegia, berriz, honako hau: astearteetan, 11:00etatik 13:00etara; asteartetik ostegunera, 17:00etatik 19:30era; eta asteburuetan, Elkargunearen ordutegi berean.
Herrian ditugun beharrak asetzeaz gain, Bilbora iristen diren errefuxiatuei ere bideratzen dizkiegu arropak eta mantak.