Berta, Judith, Vero, Ale, Rosa, Jaqui edo Ines. Horietako edozein izan zitekeen pertsonaren izena, baita besteren bat ere. Zaintza eta garbiketa lanak egitera etorri diren emakume migratzaileak dira. Paperik gabe egotearen beldurrak ahotsik gabe uzten ditu, eta ez dira ausartzen, normala denez, gurean jasaten dituzten infernuak salatzera. 2023. urtean, esklabo dituzte inguruko etxe eta sukalde askotan. Ez gaitezen ohitu errealitate honetara.
Aldian-aldian emakume horiek Elkargunean kontatzen dizkiguten testigantzetako bat da honakoa:
Zortzi hilabete dira emakume hau Erdialdeko Amerikatik Azpeitira iritsi zela. Lagun batek eman zion gure herriaren berri, aurkituko zuela zerbait, eta etortzeko. Izan ere, laguna jakitun zen bere egoeraz: bi haurtxoren ama, nekez lortzen zuen horiek duintasun pixka batekin hazteko eta hezteko adina. Txikiak gurasoekin utzita egin zuen honako bidea. Lagunaren bidez, gela bat alokatu zuen 150 eurotan, baina errolda nahi izatekotan beste 50 ordaintzera behartu zuen nagusiak. Jakina denez, errolda ezinbestekoa da pertsona migratzaileentzat, inoiz "legalak" izango badira. Hala ere, edo justu horregatik, erroldatzeagatik kobratu egiten diete askori, hori egitea legez kanpokoa izan arren. Zer diren gauzak, legeztatu ahal izateko ezinbestekoa zaien agiria eskuratzeko, legez kanpoko xantaia ekonomikoa egiten zaie paperik gabe bizi diren pertsonei.
Behin etxean ostatu hartuta, ordu batzuetarako lantxoak lortu zituen iritsi berritan: karrera bat garbitzen han, komunak garbitzen hemen. Justu eskuratzen zuen bere hemengo gastuei erantzuteko. Azpeitia ez zela espero zuena, eta berriz sorterrira itzultzea pentsatzen hasia zen, hilabete oso baterako lana atera zitzaionean.
Hilabete oso baterako lana esan dugu, apiril osoa lanean bakarrik daramalako gure lagunak. Ez atseden eta ez jaiegun. Kontraturik gabe, 1.000 euroren truke, egunean 24 orduz emakume bat zaintzeko ardura du, familia batekin, halabeharrez, horrela hitzartuta. Azkar batean egin daitezke kalkuluak: orduko 1,39 euroko soldata. Eskatu eskatu zien gehiago ordaintzeko, baina erantzun ere berehala erantzun zioten: ez.
Familia hori ondoko herri batean bizi da, baina aurrez publiko egin izan ditugun testigantzetan, antzeko egoerak deskribatu izan dituzte gurean barne-langile gisara aritu direnek ere: lanaldi luzeak, miseriazko soldatak, erroldak lortzeko xantaiak eta jazarpen sexualak. Esklabotzarekin baino alderatu ezin ditugun lan baldintzak dira.
Ezin ditugu begiak itxi gure herrikideak modu horretan jazarriak eta gutxietsiak direnean. Batetik, erakunde publiko nagusiek, eta gure kasuan, Azpeitiko Udalak, errealitate horiei urgentziaz eta lehentasunez heldu behar dietela uste dugu; bestetik, pertsona horiek zuzenean kontratatzen dituzten familiek ere ardurak izan badituztela pentsatzen dugu. Jakitun gara, kasu batzuetan, arazo ekonomikoek eta ezintasunak bultzatuta jokatzen dutela horrela. Aldiz, beste kasu askotan, eskulan merkeaz eta horien babesgabetasun egoeraz baliatzen dira, berez baldintza hobeak eskaintzeko aukera izan badutenean.
Inor inoren gainetik egongo ez den herri bat aldarrikatu nahi dugu maiatzaren 1eko bezperetan, eta bereziki gogoan izan nahi ditugu lan munduan jazarrienak eta zapalduenak diren pertsona horiek.