Bi zati ditu Elkar-ekinen oharrak. Lehendabiziko zatian, akordioaz hitz egiten du; bigarrenean, akordioaren inguruko balorazioa plazaratzen du. Honakoa dio, hitzez hitz:
Akordioaz
2021. urteko uztailaren 30ean, Luis Enrique Soriano gazte dominikarrak bere buruaz beste egin zuen lan egiten zuen enpresan. Gertaera haietatik ia bi urte igaro diren honetan, Sorianoren senideen abokatuak eta enpresaren ordezkariek akordio judizial bat sinatu zuten asteazkenean, auzibide judizialari amaiera emanez.
Hilabete hauetan guztietan hainbat elkarrizketa eman dira enpresaren eta Sorianoren abokatuen artean. Azkenean, bi aldeek akordio judizial bat itxi zuten asteazken goizean Donostiako epaitegian: enpresaren aseguru etxeak eta enpresak berak kalte ordain ekonomikoak ordainduko dizkiote Luis Enriqueren familiari, eragindako min eta kalte moral eta materialen ondorioz.
Hori horrela, ekainaren 26an Donostian egitekoa zen epaiketa bertan behera gelditu da. Elkar-ekinek 2021eko abuztuaren 7an egin zuen publiko Luis Enrique Sorianoren senideek emandako testigantza. Sorianoren suizidioaren eta bere lan-baldintzen artean lotura zegoela salatu genuen hasieratik. Horrez gain, lehen uneko salaketa eta mobilizazioen ondoren, ESK sindikatuarekin batera bide judizialari ekin genion: guretzat garrantzitsua zen salaketa eremu guztietara eramatea, baita epaitegietara ere. Honaino ekarri gaitu bide horrek.
Balorazioa
- Akordio horretan lorpen esanguratsuak daudela pentsatzen dugu. Enpresaren aldetik, eragindako kalte moralen eta materialen errekonozimendu argia dago, baita ondoriozko kalte-ordainak ordaintzeko konpromisoa ere. Ez gara sartuko enpresaren adierazpen publikoei puntuz puntu erantzutera, luze joko ligukeelako. Hala ere, bi argipen, gutxienez, egiteko beharra sentitu dugu:
- Adierazpen horietan informazio okerrak eman dira, eta sinatu duenaren atal garrantzitsu bat ezkutatu du enpresak. Kalte-ordaina Sorianori eragindako kalte moral eta materialen ondorioa da, eta kalte-ordain hori ez du aseguru etxeak bakarrik ordainduko, enpresak ere zati bat ordaindu beharko baitu. Hori da enpresak sinatu duena. Aseguru etxea ez legoke behartuta inongo kalte-ordainik ordaintzera, langile batek bere buruaz beste enpresa horren eraikinean egin izanagatik bakarrik.
- Baldintza sozialek, berez, ezin dutela suizidioa azaldu argudiatu du enpresak bere oharrean. Zur eta lur uzten gaituen baieztapena da. Suizidioen kausak konplexuak direla jakitun gara, baina argi dugu baldintza sozialek eta materialek (lanak, etxebizitzak, hil amaierara iristeko presioak, enpresa batean jasotako tratu txarrak e.a) goitik behera zeharkatzen dutela gizakion osasun mentala. Egoera horiek daude eritasun psikologiko askoren oinarrian, eta horien ondorioz hainbat suizidio kasu gertatu dira. Horrela jasotzen da, besteak beste, epaitegi ezberdinek antzeko kasuetan eman dituzten sententzia ezberdinetan.
- Gure salaketa isiltzeko helburuarekin presioak, xantaiak eta difamazioak jasan ditugu azken hilabeteetan. Hala ere, herrian egin ditugun ekimen ezberdinek eta abokatuen lanak fruituak eman dituzte: lasai gaude esan eta egin dugunarekin.
- Esplotazioa eguneroko ogia da herritar askoren bizitzetan, zeinak herritar horien ongizatea, osasun fisikoa eta buru osasuna erabat baldintzatzen dituen. Herrian bertan, langile asko dira sufrikario hori pairatzen ari direnak. Ez gaitezen ohitu errealitate horretara, ez gaitezen isildu injustizia lazgarri horien aurrean, eta, bereziki, ez dezagun ahaztu: esplotaturiko jendea dago, esplotatzen duen jendea dagoelako.
- Migratzaileak estigmaren, susmoaren eta zalantzaren itzala daramate soinean: haien hitzek eta minek ez dute balio bera. Gaztearen testigantza publiko egin eta ondorengo asteetan oinarririk gabeko zurrumurru asko zabaldu ziren Azpeitian: bere gertukoen testigantza kuestioan jartzea, gertaera erlatibizatzea, familiari buruzko difamazioak aireratzea eta suizidioaren arrazoiak desitxuratzea, besteak beste. Akordio horretan, egindako kalte moral eta materialen errekonozimendua jaso izana garrantzitsua da guretzat, difamazio horiek ezerezean uzten baititu.
- Errekonozimenduarekin eta erreparazioarekin batera, berriz antzekorik ez gertatzeko bermeak behar ditugu. Zoritxarrez, urrun gaude egoera horretatik, eta lanean jarraitzea dagokigu. Mina eta heriotza baino ez dakarren gizarte kapitalista honekin amaitu behar dugu: inork inor zapalduko ez duen eta sozialki denok berdinak izango garen herri baten alde, aurrerantzean ere gure aletxoa jartzen saiatuko gara Elkar-ekinetik.