"Zaindu distantzia"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko uzt. 31a, 22:16

Pasa den larunbatean, Luis Enrique Sorianori egin zitzaion oroimen ekitaldian Amets Arzallusek honako testu hau errezitatu zuen, Jurgi Ekizaren doinuak lagun zituela.

Zenbateko distantzia dago hemendik Errepublika Dominikarrera? Eta handik hona distantzia bera ote da? Eta hemen egindako pieza mekanizatu horiek nork erosten ote ditu, eta noraino ote doaz erabiliak izatera? Eta ba ote daramate izkina batean made in Azpeitia, edo made in the Basque Country izkribu txikiren bat bederen, Vietnamen egindako oinetakoek izaten duten bezala?

Eta Errioxako ardoa Errioxako eskuek bildutako mahatsa ote da? Eta Nafarroako zainzuriak jasotzera nor makurtzen da? Horri esaten diogu Esparragos de
Navarra? Eta haraino jo gabe Azpeitin lehengo hilean hil zen adineko gaixoa nork zaindu du bere azkeneko arnasera arte? Azpeitik zaindu du? Edo Nikaraguak zaindu? Eta hil ere, Azpeitin hil da, edo Nikaraguan da hil, hantxe, hogeita lau orduan
handik atera ere egin gabe?

Gure herriko izerdia kilometro zero ote da?

Gure bizitzek alkondara batek bezala izkribu bat balute sahietseko etiketa batean ez dakit made in Azpeitia edo made in the Basque Country jartzea oso zilegi ote litzatekeen. Eta hala balekarte ere, ez dakit made in Azpeitia edo made in the Basque Country zigulu horrek zer bermatuko ote lukeen, niri Vietnamen egindako oinetakoak ditudala irakurtzen dudanean sortzen zaizkidan galdera berdintsuak etortzen zaizkit gogora. Ez dakit hemendik Errepublika Dominikarrera zein distantzia ote dagoen, distantzia bera ote den handik hona, baina badakit gure bizitzak distantzia batera gelditzen ari direla, distantzia batera gure asmo politikoetatik, distantzia batera gure erabaki gaitasunetatik, gure bizitzak distantzia batera gelditzen ari dira gure bizitzetatik orokorrean.

Eta gainera agindu zibiko berri horrek inguraturik bizi gara, oraindik ere leku askotara sartuta, nonahi irakur zenezake: "zaindu distantzia, distantzia beharrezkoa
da". Baina nik ez dakit hemendik Errepublika Dominikarrera zein distantzia ote dagoen, eta distantzia bera ote den handik hona, baina iruditzen zait elkarrengandik
pixka bat hurbiltzen hasten ez bagara, eta ez badugu berriz elkar igurzten, eta ez badiogu elkarri gure bizitza kutsatzen, nekez askatuko ditugula gu denak lotzen
gaituzten korapilorik latzenak. Uste dut badela garaia berriz ere min hartzen ikasteko.

Oinazearen gurdian denok batera ez goazen artean oso zaila izango da justizia sozialaren aldeko borrokak irabaztea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide