Irungo Harrera Sareko kidea da Gari Garaialde, baita argazkilaria ere. Bertatik bertara ezagutu du Irunera iritsi eta Ipar Euskal Herrian barrena Frantziarako bidea hartu nahi duten migratzaileen egoera. Erakusketa honen bidez, migratzaile emakumeengan jarri nahi izan du begirada. Bere argazkiak gurean izango ditugu ikusgai azaroaren 13tik 19ra bitartean, Foru ibilbideko udal aretoan, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean eta igandean 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketaren nondik norakoak azaltzeko, Garaialdek berak eginiko aurkezpena duzue ondorengo lerroetan.
"...eta bidean Irun. Begirada bat bidean doazen emakumezkoei.
Irun muga-hiri den unetik izan da pasa-bide edo pasa-hiri. Zaharrak dira Bidasoa ibaiaren alde batetik bestera jendea modu irregularrean pasatzen zela kontatzen duten lehen istorioak.
Urrun geratu den 2018ko uda garaian, Irungo kaleetan, Frantzia eta Espainiako estatuak banatzen dituen muga zeharkatu ezin eta Irunen Saharaz hegoaldeko lagun-talde hura azaldu zenetik, jende askok hartu du Irun migratzaileentzat trantsito gunea denaren kontzientzia.
Zaila da bidea ezkutuan eta poliziengandik iheska egitera behartuta daudenentzat. Kondizio horietan egindako bidaiak jendea jan egiten du. Ez da erraza bidea. Ez da erraza gizonentzako, eta ez da erraza emakumezkoentzako ere; baina emakumeek ere egiten dute bidea. Bakarrik batzuetan, haur txikiekin besteetan, taldean, bidean ezagututako beste emakumeek lagunduta edo gizonen artean nahasian, baina bidea egiten dute. Badugu joera pentsatzeko bidea gizonek irekitzen dutela, baina ez da beti horrela izaten.
Pentsatu ohi dugu gizonok mozten ditugula sasi eta alanbre-hesiak eta atzetik ekartzen, erakartzen ditugula emakumeak. Emakumezkoek ere egiten dute bidea; gizonezkoek bezala, anaia zaharragoren batek edo lehengusuren batek lehenago egin zuen bideari jarraituz, jaioterria utzi, eta bizitza hobe baten bila irteten dira. Senarrak Europan hasitako bizitza horretara elkartzeko asmoz ateratako emakumeak badira, noski, baina baita anaia, aita edo amarekin elkartzeko asmoz partitzen direnak ere, beste norbaitekin elkartzeko asmoz irtendako gizonezkoak dauden modu berean.
Mugak zeharkatzea oztopatzeko hartzen diren erabaki politikoek zailtzen dute bidea, eta mugak ezkutuan zeharkatu beharrak arazo berriak sortzen ditu. Badira zailtasun bereziak; badira emakumezko izateagatik pairatutako jazarpen espezifikoak. Jaioterrian gertatzen zaien modura, gizonezko eta emakumezkoak ezberdin tratatzen dituzten gizarteak eta kulturak topatzen dituzte bide osoan zehar, eta sarri, modu berezian erasotzen dituzte emakumezkoak, baina hona iristean ere, emakumezkoak eta gizonezkoak desberdin epaitzen dituen gizarte batekin egiten dute topo; eta modu ezberdinean begiratzen ditugu. Migrazio politika eta lege arrazistek egiten dituzte zaurgarri; kultura eta gizarte matxistek zer esanik ez, baina guk, sarri, direna baino zaurgarriago marrazten ditugu.
Erakusketa hau bidea egiten duten emakume horiek ikusgarri egiteko saio bat da. Nire asmoa ez da emakumezkoak zein indartsuak diren erakustea. Argi dut mundu bat dela bakoitza, eta neskato indartsuak bezainbeste izango dira bideari beldurrez beteta ekiten diotenak. Ni ez naiz nor haien ausardia goratzeko, ez baititut maila horretaraino ezagutu; ez dut epika faltsu bat jarri nahi mahai gainean, baina argi dut ez ditugula modu paternalista batean epaitu nahi. Ikusgarri egin nahi ditut, besterik ez. Jaioterria utzi eta Europara abiatzen den migratzailea imajinatzen dugunean, geure buruan sortzen dugun mutil gazte ausartaren estereotipoa dantzan ipini, eta emakumezkoak ere badirela erakutsi nahi dut".
Gari Garaialde