Israel egiten ari den genozidioa salatu, Palestinari elkartasuna adierazi eta azken asteetan hil dituzten milaka palestinarrak gogora ekartzeko ekitaldia antolatu du Elkar-ekinek abenduaren 22rako. Horretarako, ekimenean parte hartuko duen herritar bakoitzak izen zerrenda bat irakurriko du bi-hiru minutuan, eta txanda emango dio ondorengo herritarrari, guztira milaka palestinarren izenak ahosgoran irakurri arte. Irakurketa herriko plazan egingo dute herritarrek, eta ordu batzuk iraungo ditu. Behin parte hartzaile guztien zerrenda itxi ostean zehaztuko dira irakurle bakoitzari dagozkion ordutegi zehatzak, baita ekimenaren hasiera eta amaiera orduak ere. Parte hartzaile bakoitzari aurrez emango zaio irakurri beharreko izenen zerrenda.
Momentuz, 86 dira ekimenean parte hartzeko izena eman dutenak, baina datorren astelehena bitarte apuntatzeko aukera izango dute horrela nahi dutenek. Izena emateko edo edozein zalantza argitzeko kontaktuak honakoak izango dira:
Whassap edo Telegram bidez: 615715961
Korreo elektronikoaren bidez: elkar_ekin@hotmail.com.