"Palestinarren aurkako genozidioarekin amaitzeko denon inplikazioa beharrezkoa izango da"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko abe. 13a, 17:04

Gabirel Ezkurdia, Sanagustinen. (Elkar-ekin)

Gabirel Ezkurdiak luze eta sakon hitz egin zuen Sanagustinen bildutako herritarren aurrean, eta begirada askotatik aztertu zuen Palestinako gatazka. Joxin Iturriotzek egin zituen aurkezle lanak.

Judaismoa, semitismoa eta sionismoa aztertuz ekin zion Ezkurdiak bere azalpenei. Sionismoa ideologia politiko bat dela azpimarratu zuen, Palestinako lurrak edozein baldintzatan kolonizatzea helburua duena. Ideologia horren aitzindariak eta horien ideia nagusiak azaldu ondoren, Israelgo estatua sortzeko eman ziren urratsetan sakondu zuen. Besteak beste, sionismoak eta nazismoak izandako harremanak azaldu zituen, eta nazioarteko hainbat estaturen aldetik sionismoak jasotako babesaz ere mintzatu zen. Okupazioaren bilakaera azaldu ondoren, Palestinako mugimendu politiko ezberdinak izan zituen hizketagai,  eta tartean Hamasen sorreraz eta garapenaz ere hitz egin zuen.

Amaieran, urriaren zazpian palestinar erresistentziak eginiko ekintzez eta Palestinako gatazkaren soluzio posibleez galdetu zieten bi herritarrek. Konspirazioaren ideia baztertu zuen Ezkurdiak, eta Palestina osoa hartuko lukeen estatu demokratiko baten alde egin zuen, gatazkaren irtenbide posible bakartzat joz. 20:30ak pasata eman zioten amaiera hitzaldiari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide