Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta azken asteotan hil dituzten milaka herritarrak gogora ekartzeko ekimena antolatu du Elkar-ekinek bihar arratsalderako. Adin eta jatorri ezberdinetako 164 herritarrek eman dute parte hartzeko izena, tartean hainbat arabiarrek. Parte hartzaileen aniztasuna ere azpimarratu nahi du Elkar-ekinek. Besteak beste, herriko ikastetxe guztietako irakasleak, zaintzaileak, jubilatuak, Elkarguneko boluntarioak, sindikatu ezberdinetako kideak, zerbitzariak, bertsolariak, musikariak, hezitzaileak, Osakidetzako langileak, psikomotrizistak, zinegotziak, Elikaguneko langileak, Kulturazeko kideak, kooperanteak, euskararen eremuan dabiltzanak eta beste hainbat igaroko dira bihar kioskotik.
Biharkoak elkartasun eta oroimen keinu bat izan nahi du, baina, aldi berean, kontzientziak ukitzeko eta pentsamenduak astintzeko une bat sortzea da gure nahia, jakitun baikara sentitzen ditugun amorrua eta tristura erakustetik harago, Palestinako gatazkak justiziazkoak diren irtenbideak behar dituela: Palestinako herriaren askatasuna eta hango herritarren eskubide guztien bermea, besteak beste. Denoi dagokigu bide horretan presioa egitea eta horretarako konpromiso zehatzak hartzea.
Herritarrei arratsaldean zehar plazara agertzeko eta ekimenarekin bat egiteko deia egin nahi diegu. Norbait azken unean izen batzuk irakurtzera animatuko balitz ere, izango luke horretarako aukera.