Errigorako olioak eta kontserbak aste honetan banatuko dituzte eskatzaileen artean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2024ko mai. 14a, 09:31

1.875 litro olio eta 213 kaxa kontserba eskatu dira herrian. Eskatzaileek mezu bat jasoko dute produktuak jasotzeko zehaztasun guztiekin.

Bihar, maiatzak 15, iritsiko dira Errigoraren produktuak Azpeitira, eta ostiralean bertan ekingo diegu banaketei. Jasotzeko puntu gisara Elkargunea aukeratu zutenek ostiralean bertatik pasatu beharko dute, 16:00etatik 19:00etara. Ikasberri aukeratu dutenek, berriz, eskolako ordutegiaren barruan jasoko dituzte eskaerak, datorren astelehenetik aurrera. Eskatzaileei arretaz ibiltzeko eskatu nahi diegu, ordutegiak errespetatzeko; eta joan ezin dutenen kasuan, beste norbait bidaltzeko, horrek asko errazten baitu gure lana.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen egitasmo herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide