Hilabeteak luze doaz Palestinan: hildakoen eta zaurituen zerrendak are luzeago. Genozidioak ez du etenik, eta Israel egiten ari den sarraskiaren aurka egiten jarraitzea dagokigu. Horregatik, uztailaren 29an, 240 herritar elkartu eta Landetako, Sanjuandegiko eta Loiolabideko biribilguneak inguratzeko proposamena luzatu nahi dugu. Herriko jaien bezperan, herri palestinarrari elkartasun keinu bat helaraztea gutxienekoa zaigula deritzogu.
Palestinarrek askatasunean eta bakean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu, munduko herri eta herritar guztiek dugun moduan. Lotsa sentitzen dugu Europako Batasuna Israelekiko erakusten ari den jarrera konplizearekin, eta salatu nahi dugu Espainiako Gobernuak estatu sionistarentzat armak saltzen jarraitzen duela.
Hori horrela, Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egin nahi dugu, presio bide eraginkorra izan daitekeelakoan. Bertako enpresei ere Israelekin dituzten harremanak eteteko deia luzatu nahi diegu, bereziki armagintzan inplikatuak dauden horiei.