Soreasuko Elkarguneak eta Arropaguneak bihar ekingo diote ikasturte berriari

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2024ko abu. 29a, 14:59

(Argazkia: Elkar-ekin)

Azken urteetan herrian emandako zerbitzuarekin jarraitzea eta hori sendotzea izango dira ikasturteko helburu nagusiak. Arropagunea asteartetik dago irekita ohiko ordutegian. Larunbateko ordutegian, berriz, aldaketa txiki bat izango da bi lokaletan aurrerantzean.

Ikasturte berria gainean dugu, eta Elkar-ekinen prest gaude Elkargunea eta Arropagunea berriro ere martxan jartzeko. Helburuek eta funtzionamenduak betikoak izaten jarraitzen dute. Etxeetan oinarrizkoak diren materialak txukun eta merke eskaintzea da Elkar-ekinen helburuetako bat. Erabilgarri dauden baina erabiltzen ez diren materialak biltzen jarraitu nahi dugu, modu merkean eskaintzeko eta egon daitezkeen beharrei erantzun ahal izateko. Bereziki, etxeetan beharrezkoenak diren materialak eta arropa jasotzen jarraitu nahi dugu.

Asteburu honetan irekiko ditu ateak berriro Elkarguneak, eta asteartetik irekita dago Arropagunea. Honako ordutegiak izango dituzte:

- Elkargunea irekita egongo da ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

- Arropagunea irekita egongo da astearteetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era; asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:30era; ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara.

Elkarguneko proiektuan parte hartzeko aukerak honakoak dira, besteak beste:

  • Astelehenetan, 10:00etan, arroparen antolaketa eta Elkargunearen txukunketa lanak egiten ditu herritar talde batek.
  • Astearteetan, 17:00etan, biltegiko lanak eta Elkargunearen hornitzea. Ondoren, 18:30ean, taldearen asteko bilera egiten dugu, eta bertan erabakitzen ditugu Elkarguneari dagozkionak zein kalera begira egingo ditugun ekintzak. Bilera horietara etortzeko ateak ere zabal-zabalik daude.
  • Ostiral eta larunbatetan irekitzen dugu Elkargunea, eta txanda bidez funtzionatzen dugu. Momentuz, hogei talde inguru gaude, bakoitza hiru pertsonakoak, eta talde bakoitzak urtean lau txanda egiten ditu.
  • Ordutegi horietan aukerarik izan ez baina tarteka Elkargunera lanera joaten dira boluntario batzuk. Kasu horretan, haiek antolatzen dira lanak egiteko orduan, Arropagunean beti baitago zereginik.
  • Furgonetarekin etxeetatik materiala ekartzen aritzen gara astean zehar, baita asteburuan Elkargunean saldutako altzariak etxeetara eramaten ere (lan horiek ez dira finkoak eta astearen arabera aldatzen dira).
  • Urtean bitan, Errigoraren kanpaina eta produktuen banaketa egiten dugu herrian. Eskaerak asko hazi dira urtez urte, eta banaketa antolatzeak lana eskatzen du.

Guztietan behar dugu jendea, eta animatzen dena ongi etorria izango da gure artera. Malgutasuna eskaini nahi dugu lana egiteko orduan, bai egutegiaren aldetik, bai ordutegiaren aldetik ere. Askotariko konpromisoak daude Elkar-ekinen barruan, baina boluntario guzti-guztien lana da beharrezkoa.

Norbaitek goian aipaturiko lan horietakoren batean lagundu nahiko balu, kanal hauetakoren bat erabilita jar daiteke gurekin harremanetan:

  • Helbide elektronikoa: elkar_ekin@hotmail.com.
  • Telefonoa: 644 96 16 06.
  • Aurrez aurre: Elkargunean, ohiko ordutegian, edo Elkar-ekineko kideren batekin, zuzenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide