Datorren igandean, urriak 6, euskararen aldeko jai handia ospatuko da Azpeitian. Egunaz gozatzeko eta euskarari bultzada emateko egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Egunari eta bere helburuei itzalik egiteko inongo asmorik gabe, garrantzitsua iruditzen zaigu egun horretan ere Palestinako herriari keinutxo bat egitea.
Horregatik, eta antolatzaileek beren oniritzia eman ondoren, Loiolabideko biribilgunean ordu erdi iraungo duen elkarretaratzea egingo dugu, 13:00etatik 13:30era arte. Orain arte bezala, genozidioarekin amaitzea eta Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egitea izango da protestaren xedea. Herritarrei elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die Elkar-ekin taldeak.
Urtea beteko da laster palestinar erresistentziak Israel erasotu eta Israelek Gazaren aurkako genozidioa abian jarri zuenetik. Hilabete horietan guztietan 40.000 palestinarretik gora hil ditu estatu sionistak, eta sarraskiak ez du amaitzeko itxura handirik; ikusi besterik ez daude Israelek Libanon eta Yemenen egindako azken erasoak. Horregatik, elkartasuna erakusten jarraitzea eta mobilizazioa beharrezkoak izango dira aurrerantzean ere.
Amaitzeko, bat egin nahi dugu datorren larunbatean Bilbon eta Iruñean egingo diren manifestazioekin.