Azpeitira bizitzera etorri den pertsona batek zaintza lanetan aritzeko honako proposamena jaso zuen pasa den astean: astelehenetik ostiralera eguneko hamar orduko lanaldia, hilean 600 euroko soldataren truke. Astean 50 ordu, orduko hiru euro irabazteko. Ez kontraturik, ez asegururik.
Askotan isilean pasatzen diren arren, antzeko lan eskaintzak egiten zaizkie nagusiki zaintza eta garbiketa lanetan ari diren emakume migratzaileei. Emakume horiek esklabotza egoeretan lan egiten dute herriko etxe askotan. Erakundeek eta herritarrok, kasu askotan, itsu, mutu eta gor jarraitzen dugu.
Ezin ditugu begiak itxi gure herrikideak modu horretan jazarriak eta gutxietsiak direnean. Batetik, erakunde publiko nagusiek, eta gure kasuan, Azpeitiko Udalak, errealitate horiei urgentziaz eta lehentasunez heldu behar dietela uste dugu; bestetik, pertsona horiek zuzenean kontratatzen dituzten familiek ere ardurak izan badituztela pentsatzen dugu. Jakitun gara, kasu batzuetan, arazo ekonomikoek eta ezintasunak bultzatuta jokatzen dutela horrela. Aldiz, beste kasu askotan, eskulan merkeaz eta langile horien babesgabetasun egoeraz baliatzen dira, berez baldintza hobeak eskaintzeko aukera izan badutenean.