Agharas Bizkaiko gazte berbereen elkartea ezagutzeko irteera egingo du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko ots. 10a, 15:07

Barakaldo.

Amazigh jatorriko pertsona migratzaileei, eta, bereziki, bazterketa arriskuan dauden adingabeei, emakumeei, gazteei, presoei edo errefuxiatuei laguntza ematen diete elkarte horretako kideek. Herritarrek Barakaldora (Bizkaia) joan eta haiekin egoteko nahiz egiten duten lana ikusteko aukera izango dute.

Urteetan zehar, milaka pertsona migratzaile iritsi dira gurera etorkizun hobe baten bila, beren jatorrizko herrialdeetakoa baino bizitza errazago baten esperoan; aldiz, askok aurkitu dutena oztopoz eta zailtasunez betetako bidea izaten ari da.

Egoera honetan, hainbat euskal herritar eta talde dira beren alea ipintzen ari direnak. Arteako Komunitatearen Elkartasun Sarea, Irungo Harrera Sarea eta Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eta haien lanak ezagutu ondotik, aurten Barakaldoko Agharas elkartearen elkartasun sarea eta proiektuak ezagutzera joango gara.

Barakaldon (Bizkaia) ikusgaitza zen errealitateari buruzko sentsibilizazioa lantzen hasi ziren 2013an, Amazigh komunitateko pertsona talde baten eskutik. 2019tik gune finko bat dute eta herrira iristen pertsona migratzaileei harrera, laguntza, babesa eta laguntasuna ematen diete. Guzti horie eta eskuartean dituzten proiektuak ezagutzeko asmoz, hara irteera antolatu du Elkar-ekinek.

Irteera otsailaren 22an, larunbatean, izango da. 09:30ean abiatuko da autobusa anbulatorioaren aurretik, eta 11:00k aldera, elkartekoekin bilduko dira partaideak, egiten dutena eta eskuartean dituzten proiektuak ezagutzeko. 14:00 aldera taldeko kideekin bazkalduko dute elkartean, eta 16:30 aldera abiatuko da bueltako autobusa Azpeitira.

Autobuseko joan-etorria hamar euro ordaindu beharko dute soldatadunek, eta dohainik izango da langabeentzat, ikasleentzat eta diru sarrera txikia dutenentzat. Interesa pizten zaion edonori irteeran parte hartzeko gonbidapena egin dio Elkar-ekinek. Izan ere, elkartea eta haren proiektuak ezagutzeaz gain, elkar ezagutzeko eta harremanak estutzeko parada izango dugu.

Izena emateko elkar_ekin@hotmail.com helbidera mezua idatzi daiteke, baina Elkar-ekinen sare sozialen bidez ere egin daiteke izen-ematea, baita Elkarguneko 644 961 606 telefono zenbakira deituta edo Whatsapp mezu bat bidali ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide