Elkartasunaren, laguntasunaren, justizia sozialaren eta kulturartekotasunaren bidea erakutsi du Agharasek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko mar. 7a, 13:31

Basamortua.

Pertsona migranteei eta beharra dutenei informazioa eta formazioa emateaz arduratzen dira Agharas elkarteko boluntarioak. Elkar-ekineko kideak Barakaldon izan ziren joan zen larunbatean, elkarte horrek egiten duen lana bertatik bertara ezagutzen. Bisitaren kronika egin dute taldeko ordezkariek.

Amazigheraz, beste adiera batzuen artean, bidea esan nahi du agharas hitzak. Eta, hain zuzen, geltoki askotariko trenbidean ari dira bidea egiten Agharas elkarteko kideak, boluntarioak eta erabiltzaileak. Migratzaileei eta beharra dutenei egiten dieten harrera, ematen dieten laguntasuna, oinarrizko beharrak asetzea, aterpea, informazioa eta formazioa, duten boluntario sarea, erabiltzaileak boluntario bihurtzeko joera... Geltoki guzti horietan geratzen den Agharasen trena bidean doa.

Larunbat goizean anbulatorio aurrean elkartu ziren Elkar-ekineko kideak, 9:30ean. 11 lagun hiru autotan joan ziren Barakaldora. 11:00etako iritsi ziren Agharas elkarteak Barakaldoko (Bizkaia) Ibarra kalean duen egoitzara. Elkar-ekineko ordezkariak ez ziren, baina, esku hutsik joan: arropaz betetako hiru kaxa eraman zituzten; neguko arropaz beteak, hain justu.

Beste kaxa bat ere eraman zuten, egun batzuk lehenago Agharas elkartetik Azpeitira bidali zutena. Kaxaren barnean hainbat gauza zeuden, hala nola boxeorako eskularruak, argazki batzuk, laranja koloreko hondarra kristalezko ontzi batean, heroglifikoak ziruditen idazkera batzuk orri batean, lepoko bat eta zapi arrosa bat, beste hainbaten artean. Goiz hartan Barakaldora abiatzerako ikusi genituen objektu haiek denak, eta burua martxan zutela joan ziren bisitariak hara; beren buruei eta elkarri hipotesiak eta galderak eginez.

Iritsi eta berehala, harrera beroa egin zieten bertako kideek Elkar-ekinekoei, eta egoitza erakutsi zieten. Lokala auzo batean dago kokatuta, eta bizitza dagoela ikusten zen kale hartan; jendea dendetan eguneko enkarguak egiten, tabernetako terrazetan goizaz gozatzen, gurasoak haurrekin batetik bestera joaten... Larunbat goizetako ohiko gertaerak, antza.

Trenbideen sigi-sagak

Lokalaren sarreran espazio bat zegoen borobildean jarritako aulkiz beteta; jada irudikatzen zuten bisitariek handik pasatuko zirela. Telebista bat, proiekziorako panel bat eta arbel laukizuzen handi bat zeuden paretetan, eta aulkien kokapen borobilari seriotasun puntu bat ere ematen zioten. Paretak arakatzen joanda, paper handi batean eskuz marraztutako mural bat zegoen. Han, trenbide ezberdinak (harreraren trenbidea, kulturartekotasunaren eta bizikidetzaren trenbidea nahiz egituraren eta antolaketaren trenbidea) zituzten hiru tren eta trenbideak agertzen ziren marraztuta; gainera, ibilbide ezberdinen geltokiak ere ageri ziren trenbideetan. Ibilbide ezberdineko trenek batzuetan geltoki berean bat egiten zuten, beren bidea jarraitu eta banandu aurretik.  

Espazio hartatik aurrera, artelan ugari zeuden hormetan, Amazigh herriaren kultura eta bizimodua irudikatzen zutenak: basamortua, lanbideak, animaliak, haurrak jolasean eta tearen erritualak gogorarazten dituztenak. Informazio panelak ere bazeuden, hizkuntzak ikasteko, eta Bizkaiko herrietako Gizarte Zerbitzuen zerrenda ere bazen, beren helbideekin eta kontaktuekin. Lokalean aurrera joan ahala, atea zeharkatu aurretik ezkerretara, apalategidun bi armairu zeuden, eta horietan liburuak, Literatura, Hizkuntzak, Euskal Herria, Espiritualtasuna eta beste hainbat sailetan sailkatuta.

Atea igaro eta beste espazio handiago bat zegoen, sofa batzuekin; leku erosoagoa zen hura. Paretetan bizikleta pare bat zeuden kateatuta, erabilerarekin eta bidearekin zaharkiturik. Espazio horretan komun bat zegoen, dutxarekin eta arropa garbigailuarekin. Eta komunaren ondoan sukaldea zegoen, bertatik zetozen usainekin eta ahotsekin. 

Elkar-ekineko bisitariak sartu ziren bertara, eta han ari ziren elkarteko bi kide bazkaria prestatzen. Bisitarientzako otordua ari ziren prestatzen`07:30etik. Kus-kusa prestatzen ari ziren bi lagun haiek. Ontzi batean kuiatxoarekin, azenarioarekin, garbantzuekin, tipularekin eta haragiarekin salda egiten ari ziren. Ontzi haren gainean, zulo txikidun beste ontzi bat zegoen, eta han kus-kus aleak baporean ari ziren egosten. Salda egiten ari den bitartean kus-kusa hiru aldiz ateratzen dute kanpora, eskuz eskuz aletzen joateko eta masa egin ez dadin; hala azaldu zieten bisitan joandakoei.

Afariak, dutxa, informazioa... eta euskara

Jarraian, sarreran ikusitako aulkietan eseri ziren Elkar-ekineko kideak, eta elkarteko kide bat azalpenak ematen hasi zitzaien. Haien oinarrizko zereginetan daude etorkinei eta beharra duenari harrera, laguntza, babesa eta elkartasuna ematea. Barakaldon kale gorrian bizi diren 200 bat lagun omen daude, eta, beste elkarte batzuek bezala, ahal dutenei laguntzen diete. Astean hiru egunetan afari solidarioak ematen dituzte elkartean, eta beste bi egunetan, dutxatzeko eta arropa garbiketarako aukera izaten dute herritarrek.

Esan beharra dago elkartean eta elkartetik egiten duten lan guztia boluntarioa dela. Afariak emateaz eta elikagaiak erosteaz boluntarioen arduratzen dira –haien poltsikotik egiten dute–, eta garbiketarako txandak ere boluntarioek kudeatzen dituzte. Asteroko eta eguneroko arduretan 70 bat boluntario ibiltzen dira, eta momentu eta ekintza jakinetan 170 lagunera ere iristen dira.

Elkartean informazio puntua antolatzen dute. Besteak beste, harrera emateaz, formaziorako eta tituluak homologatzeko informatzeaz, Helduentzako Eskolarako sarbideaz informatzeaz, gaztelerako klaseak eta euskararen oinarrizko saioak emateaz arduratzen dira; euskararen kasuan, elkartera joaten direnek mintzapraktika egiteko, edo elkartekoek dioten bezala, Bikote Linguistikoetan hasteko aukera izaten dute.

Bikote Linguistiko deiturikoetan, euskara ikasi nahi duten bi pertsona kontaktuan jartzen dituzte; bata euskalduna eta bestea ez. Hasiera batean, asteroko dinamikak eta konpromisoak jartzen dizkiete bi lagun horiei, eta, gerora, beraiek ikusten dute zenbatero elkartu. Behin maila batera iritsita, bikote ezberdinak elkartzen hasten dira, eta jende multzo handiagoaren artean, euskara praktikatzen dute eta harremanak egiten dituzte. Jarduera horretatik harreman berriak eta oso interesgarriak sortzen direla diote Barakaldoko elkarteko kideek, eta adierazi dute, euskaraz hitz egiten kalean eta egunerokotasuneko egoeretan ikasten dutela. Aurreiritziak puskatzeko ere balio izan du jarduera horrek, haien hitzetan; 45 bikote linguistiko sortzea lortu dute.

Bestelako instalazioak

Ibarra kaleko egoitzaz gain, harrera etxe bat ere badu Agharas elkarteak. Han lau pertsona bizitzeko dinamika bat dute martxan: hiru hilabeteko epea dute horiek han bizitzeko. Etxe horretan bizi direnei, harrerarekin, erroldarekin, Osakidetzako izapideekin, burokrazia lanekin, formazio eskaintzarekin eta abarrekin laguntzen diete.

Bestetik, baratze bat ere badute Barakaldon, elkartearen egoitzatik hiru bat kilometrora. Horretan ere boluntarioak aritzen dira egunero. Dena den, tartean behin, auzolanean talde handiagoak biltzen dira landaketak eta produktuen jasotzeak egiteko. Nola ez, baratze horretako produktuak baliatzen dituzte afari solidarioetarako.

Hori guztia finantzatzeko elkarteek dituzten diru laguntzez gain, festetan txosnak ipintzen dituzt Agharaseko kideek, eta boluntarioen eta herritarren ekarpenak ere jasotzen dituzte. Denaren beharra dute, eta horrekin oso eskertuta daude.

Marokotik Barakaldora

Azalpenekin jarraituz, elkarteko kide gehiagok hartu zuten hitza. Horietako mutil batek bere esperientzia kontatu zuen. Bere herritik abiatu zenekoaz hitz egin zuen; patera batean Espainiara nola iritsi zen, Euskal Herrira nola heldu zen eta Barakaldora ailegatu aurretik Euskal Herrian hara eta hona nola ibili zen azaldu zuen hark.

Emakume gazte batek ere hartu zuen hitza, eta hasieran aipaturiko kaxa hura aterata, Elkar-ekineko kideei gauza bakoitza zer zen edo zerekin lotzen zuten galdezka aritu zen. Erantzunen eta galderen artean, objektu haiek bereak zirela argitu zuen. Emakume hura Merzugakoa zen, Marokoko hego ekialdean aurkitzen den basamortuko herrixka batekoa. Hondarra hangoa zen eta argazkiak ere bai; heroglifiko moduko idazkera hura Tifinagh amazigharen alfabetoa zen. Eskularruei lotuta, kickboxing-a praktikatzen zuela adierazi zuen, eta horrek ematen dion indarra eta askatasuna ere aipatu zituen. Bere bizi esperientzia kontatzen hasteko abiapuntu aparta izan zen kaxa magikoa.

Gizarteratzea

Agharasen ekarpen sozialari eta humanoari ikusgarritasuna emateko hitzaldiak antolatzen dituzte elkarteko kideek, ikastetxeetara joaten dira beren esperientziak lehen pertsonan kontatzera, eta beste hainbat elkarteekin batera, Yennayer eguna antolatzen dute urtean behin. Azkena, Bilboko Miribilla auzoan egin zuten, eta 1.600 lagun bildu ziren.

Ekintza eta antolaketa lanetara boluntarioak batzen joan dira urtez urte. Elkartekoek azaldu dutenez, lehen erabiltzaile ziren herritar asko boluntarioak dira orain, eta horiek jaso duten babesa eta elkartasuna besteei ematen saiatzen dira. Trena ez da geratzen Agharasen trenbidean; Agharas bidea egiten ari da.

Elkar-ekinek ere hasitako bideari jarraitu nahi dio, gehitzen eta hobetzen, ikusitakoak eta ikasitakoak praktikan jartzen. Horretarako gogoz dago taldea, eta herritarrak gonbidatuta daude parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide