Iaz bezala, aurten ere Munduko Jolasen topaketa antolatu du Elkar-ekinek. Iazko esperientziaren ondotik bidea duen ekimena iruditzen zaio taldeari, eta jarraipena eman nahi dio. Jolasaren hizkuntzatik abiatuta, komunitate ezberdinetako Azpeitiko biztanleak animatu ditu parte hartzera.
Ekimena larunbatean, martxoaren 15ean, arratsaldeko 16:00etan Azoka Plazan izango da. Bertan hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek; hala nola, xakea, dominoa, bingoa, Uno, Virus, Lince, Mankala,partxisa, oka, Backgammon, 4 ilaran, 3 marran, kartak, Mikado, damak eta abar.
Ekimenean haur, gazte eta heldu bilduko dira eta gerturatzen den edozeinek parte hartzeko aukera izango du. Elkar-ekinen nahia ere hori da; komunitate, kultura eta hizkuntza ezberdinetako jendea jolasaren hizkuntzan murgiltzea. Elkarrekin egoteko eta ezagutzeko parada izango dute herritarrek; herrian dagoen aniztasunarekin jabetzeko parada.
Euskarak ere bere lekua duela deritzo Elkar-ekinek. Komunitate ezberdinetako biztanleak izan arren, Azpeitiko gaztetxoek euskara dute beren ahotan, eta hori, taldearen ustez, baliagarria da beste hizkuntzekiko artikulazio lanean.
Horregatik, herritarrak, gazte kuadrila, familia eta nahi duen oro, animatu ditu Azoka Plazara gerturatzera, eta zin egin du parte hartuko duenak arratsalde ederra pasako duela tea eta txokolate beroz giroturik.