Martxoaz geroztik, Gaza erabat blokeatua du Israelek, eta azken datuen arabera, zerrendako herritarren %93 (bi milioi pertsona) gosete arriskuan daude une honetan. Gazako nekazaritzarako lurren eta baliabide urrien suntsiketak ezinezkoa egiten du elikagaien ekoizpena aurrera eramatea eta kanpoko laguntza erabat murriztuta dago une hauetan. Genozidioa hasi zenetik 52.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek.
Bitartean, Espainiako Gobernuak Israelekin kolaboratzen jarraitzen du, eta azken datuen arabera, 2023. urtetik armagintzari lotutako harremanak izan ditu genozidio hori egiten ari den estatuarekin. Bi gobernuen artean aurrez zituzten armen salerosketarako akordioek indarrean jarraitzen dute, azken asteetan kontratu bat bertan behera utzi duten arren. Espainiako Estatua eta Europar Batasuna genozidioari bide ematen ari diren honetan, kalera ateratzea eta protesta egitea da herritarrok egin dezakegun gutxienekoa. Palestinarrei gure elkartasun osoa erakusteaz gain, estatu sionistarekin harreman guztiak eteteko aldarrikapenarekin bat egiten dugu.
Horregatik, Sanjuandegiko biribilguneko egitasmoa berreskuratzea erabaki du Elkar-ekinek, eta ostiral honetan hasita, aldian-aldian, bertan elkartzeko gonbidapena luzatuko diegu Azpeitiko herritarrei. Ostiral honetan, 18:30ean, bertan elkartuko gara.