Herritar guztiek duten erroldarako eskubidea bermatzeko eskatu dio Elkar-ekinek Azpeitiko Udalari

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin

Azpeitiko Alde Zaharreko hainbat etxebizitza. (Maialen Etxaniz)

Erroldarako eskubidea herritar guztiek dutela eta eskubide hori gauzatzen dela bermatzea tokiko erakundeei dagokiela gogorarazita, Elkar-ekinek kezka adierazi du Azpeitiko Udalak errolda kudeatzeko duen moduaz, "hainbat herritar erroldatik kanpo" uzten dituela eta. 

Pertsona migratzaile askorentzat "existitzen" direnaren berme bakarra da errolda, eta baita oinarrizko zerbitzuetara sarbidea izateko modu bakarra ere. Berez, erroldarako eskubidea herritarren oinarrizko eskubideetako bat da, eta hori gauzatzen dela ziurtatzea tokiko erakundeen egitekoa. Elkar-ekinek, baina, kezka adierazi du Azpeitiko Udalaren jarduteko moduaren inguruan, herrian bizi diren hainbat pertsona –migratzaile txiroak hein handi batean– erroldatik kanpo uzten dituela eta. Horrela, elkarteak salatu du Azpeitian bizi diren hainbat lagunek, gaur-gaurkoz, ez dutela aukerarik Azpeitian erroldatuta egoteko. Gaiaren inguruan honako hausnarketa plazaratu du Elkar-ekinek.

  • Erroldarako eskubidea pertsona guztiek duten oinarrizko eskubide bat da. Ondorioz, Azpeitian bizi diren pertsona guztiek herrian bertan erroldatuak egoteko eskubide osoa dutela ulertzen dugu, pertsona horiek erregularizatuak egon edo ez.
  • Pertsona migratzaile askorentzat, "existitu" ahal izateko berme bakarra da erroldarena. Izan ere, erroldak pertsona batentzat oinarrizkoak diren eskubideetarako sarrera suposatzen du kasu askotan: osasuna, hezkuntza, babes soziala, lan egiteko baimena eta abar. Erroldaren bidez, pertsona batek herrialde batean bizitzen daraman denbora justifikatu dezake, eta horrek bide ematen dio norbanakoaren erregularizazio prozesuari.
  • Errolda inklusio sozialerako beharrezko tresna dela ulertzen dugu. Jendea komunitate baten parte izatea erraztu dezakeelako eta bazterketa egoerak ekiditen lagun dezakeelako.
  • Bereziki adin txikiko herritarrak eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak babesten ditu erroldak: aldi berean, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak dira, kasu askotan, errolda izateko zailtasunik handienak dituztenak.
  • Errolda ukatzeak diskriminazio egoerak ahalbideratzen ditu: oinarrizkoak diren eskubideetarako sarrera ukatzen delako, besteak beste.
  • Erroldarik ez duten herritarren kasuan areagotu egiten da esplotaziorako eta prekarietaterako  arriskua. Ezer ez duenak edozeri eusten dio, eta erregularizazio prozesua abiatu ezin duena esplotazio egoeran lan egitera eta prekarietate egoeran bizitzera kondenatua dago, normalean.
  • Herritarrek erroldarako eskubidea dute, eta tokiko erakundeei dagokio eskubide hori gauzatzen dela bermatzea. Horregatik, gure kezka adierazi nahi dugu Azpeitiko Udalak errolda kudeatzeko duen moduaz, bertan bizi diren hainbat pertsona (migratzaile txiroak hein handi batean) erroldatik kanpo uzten dituelako. Azpeitian bizi diren hainbat pertsonak, gaur-gaurkoz, ez dute aukerarik Azpeitian erroldatuak egoteko.
  • Aipatu dugun moduan, pertsona bat etxe batean bizi bada, bertan erroldatua egoteko eskubide osoa du: hala ere, praktikan, etxejabearen esku gelditzen da erroldatzeko eskumena, eta horrek "erroldaren merkatu beltzari" bide ematen dio. Jakina baita gero eta ohikoagoa dela maizterrak errolda eskuratu ahal izateko dagokion alokairua baino gehiago ordain behar izatea. Gure informazioen arabera, badira hilero erroldaren truke 50 euro ordaintzen dituzten pertsonak.
  • Idatzi honetan aipatzen ari garena modu argian erakusten duen adibide bat da ondorengoa. Herrira iritsi berriak diren pertsona batzuei laguntzen aritu gara azken astean. Pertsona horiek herrian bizi dira baina ezin izan dute bertan erroldatu. Horietako bat osasun arazoak dituen adin txikikoa da. Hasiera batean, osasun arreta jasotzeko zailtasunak izan ditu pertsona horrek, azkenean lortu badu ere. Gure aldetik, arropa eta aholkularitza eskaini dizkiegu, osasun arreta jasotzeko laguntza eman diegu, herriko ikastetxe batekin harremanetan jarri gara, eta Gizarte Zerbitzuetara bideratu ditugu: azken horretan, ordea, ez dituzte hartu nahi izan, erroldarik ez dutela argudiatuta.
  • Azkenaldian, antzeko egoeran dauden gero eta herritar gehiagorekin topo egiten ari gara Elkar-ekinen. Pertsona horien egoerak irtenbide egoki bat eskatzen duela uste dugu.
  • Erroldaren gaiari loturik, pasa den astean bertan, Eudelek honako irizpideak proposatu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztietarako. Bertan, besteak beste, bizi diren lekuan erroldatu ezin diren pertsonak "fikziozko bizileku batean" erroldatzeko aukera aipatzen du erakundeak, eta udalek hori egiteko eskumena dutela adierazten du.
  • Eudelek proposatzen dituen irizpideak bere egiteko eskaera egin nahi diogu udalari. Uste dugu, bidea ematen dutela gure herrian bizi diren pertsona guztiek beraien errolda izan dezaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide