Palestinari elkartasuna erakusteko elkarretaratzea deitu du Elkar-ekinek datorren astearterako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko uzt. 22a, 21:39

Hainbat lagun Sanjuandegiko biribilgunean, Palestinaren aldeko elkarretaratze batean.

Herriko jaien bezperan, Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeko deia egin die taldeak herritarrei. Elkarretaratzea Sanjuandegiko biribilgunean egingo da, arratsaldeko 18:30ean.

Genozidioak ez du etenik, eta asteen joan-etorrian antzeko gertaerak ikusten ari gara: gosetea areagotzen ari da, janariaren zain ilaretan dauden gazatiarrak hiltzen jarraitzen dute soldaduek eta Gaza erabat okupatzearen aukera gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Mendebaldeko estatuek Israel Gazan eragiten ari den sufrimendua "inoiz ikusi gabekoa" dela adierazi dute aste honetan bertan. Hala ere, ez dute horren aurrean ezer egiteko asmorik erakutsi.

Herritarrok kalean protestan jarraitzea beharrezkoa izango da datozen asteetan ere. Horregatik, Azpeitiko jaien bezperan, palestinarrei elkartasun keinu bat egitera animatu nahi ditugu herritarrak. Datorren asteartean, uztailaren 29an, 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean elkartuko gara, beste behin. Elkarretaratze horretan, palestinarrei elkartasuna erakusteaz gain, bat egingo dugu Israelen aurkako boikot kanpainarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide