Elkartasuna xede, martxan dira berriz ere Elkargunea eta Arropagunea

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko abu. 28a, 09:19

Soreasuko Arropagunea. (Elkar-ekin)

Herritarren arteko elkartasuna lantzen jarraitu nahi du Elkar-ekinek, eta, horretarako, orain arteko zerbitzuak sendotzea izango da ikasturteko helburu nagusia. Boluntario asko dabiltzan arren, "lanerako prest dagoen jendea beti da ongi etorria proiektuan", taldearen esanetan. Askotariko materialak behar dituzte, eta gaur arte bezala, etxean soberan dituzten material erabilgarriak bertara eramateko eskaera egin die taldeak Azpeitiko herritarrei.

Ikasturte berria gainean dugu eta Elkar-ekinen prest gaude Soreasuko Elkargunea eta Arropagunea berriro ere martxan jartzeko. Azken urteetan egindako lanari eutsi eta zerbitzuak hobetzen saiatuko gara aurtengoan ere. Erabiltzaileen kopuruak gora egin du azken urteetan, eta horien beharrei ahalik eta ondoen erantzuten saiatuko gara berriro.

Arropaguneari dagokionez, herrian beharrik handienak dituzten pertsonei arropa doan banatzen diegu, urte hasieran ematen zaien bonu baten bidez. Bonu horrekin, urtean zehar behar duten arropa har dezakete erabiltzaileek, dendaren ordutegian, nahi duten egunean. Horrez gain, herritar guztientzat bigarren eskuko arropa dugu bertan salgai, oso txukun eta oso merke.

Elkarguneari dagokionez, etxeetan oinarrizkoak diren materialak txukun eta merke eskaintzea da gure asmoa. Gure etxeetan erabilgarri dauden baina erabiltzen ez ditugun materialak biltzen jarraituko dugu, erabiltzaileei modu merkean eskaintzeko eta egon daitezkeen beharrei erantzuteko. Bereziki, etxeetan ezinbestekoak diren material horiek jaso nahi ditugu: altzariak, koltxoiak, sukaldeko tresnak, izarak eta mantak, jolasak, bizikletak, liburuak, ordenagailuak, umeentzat sehaskak eta antzerakoak, eta abar. 

Bi espazio horiek honako ordutegiak dituzte:

- Elkargunea irekita egongo da ostiraletan 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:00etara.

- Arropagunea irekita egongo da astearteetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era; asteazken eta ostegunetan, 17:00etatik 19:30era; ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara.

Boluntarioak

Boluntario gisara Elkarguneko proiektuan parte hartzeko aukerak honakoak dira:

  • Astelehenetan, 10:00etan, arroparen antolaketa eta Elkargunearen txukunketa lanak egiten ditu talde batek.
  • Astearteetan, 17:00etan, biltegiko lanak eta Elkargunearen hornitze lanak egiten ditu beste talde batek. Ondoren, 18:30ean, taldearen asteko bilera egiten dugu, eta bertan erabakitzen ditugu Elkarguneari dagozkionak zein kalera begira egingo ditugun ekintzak. 
  • Ostiral eta larunbatetan irekitzen dugu Elkargunea, eta txanda bidez funtzionatzen dugu. Momentuz, hogei talde inguru gaude, bakoitza hiru pertsonakoa, eta talde bakoitzari urtean lauzpabost txanda egitea dagokio.
  • Ordutegi horietan aukerarik izan ez baina tarteka Elkargunera lanera joaten dira boluntario batzuk (altzariak muntatzera, Arropategian laguntzera, bizikletak konpontzera, eta abar. Kasu horretan, haiek antolatzen dira lanak egiteko.
  • Furgonetarekin etxeetatik materiala ekartzen aritzen gara astean zehar, baita asteburuan Elkargunean saldutako altzariak etxeetara eramaten ere (lan horiek ez dira finkoak eta astearen arabera aldatzen dira).
  • Urtean bitan, Errigoraren kanpaina eta produktuen banaketa egiten dugu herrian. Eskaerak asko hazi dira lan honi ekin genionetik, eta banaketa egunetan herritar talde bat aritzen da antolaketa lanetan.

Guztietan behar dugu jendea, eta animatzen dena ongi etorria izango da gure artera. Malgutasun osoa eskaini nahi dugu lana egiteko orduan, bai egutegiaren aldetik, bai ordutegiaren aldetik ere. Askotariko konpromisoak daude Elkar-ekinen barruan, baina boluntario guzti-guztien lana da beharrezkoa.

Norbaitek goian aipaturiko lan horietakoren batean lagundu nahiko balu, bide hauetakoren bat erabilita jar daiteke gurekin harremanetan:

  • Helbide elektronikoa: elkar_ekin@hotmail.com.
  • Whatsapp edo Telegram bidez: 644 96 16 06.
  • Aurrez aurre: Elkargunean, ohiko ordutegian, edo Elkar-ekineko kideren batekin, zuzenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide