Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu du Elkar-ekinek irailaren 12rako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko ira. 7a, 15:20

Palestinari elkartasuna adierazteko uztailean egindako elkarretaratzea. (Mailo Oiarzabal)

Herritarren presioa emaitzak ematen ari dela uste du Elkar-ekin taldeak, eta horretan jarraitzeko deia egin die herritarrei. Bilbon Espainiako Vueltako etapa bertan behera gelditu izana hartu dute dute horren adibidetzat.

Astetik astera okerragoa da Gazako egoera. Hori erakusten digute handik iristen ari diren albisteek, eta batez ere, goseak dauden umeen argazkiek. Palestinaren aurkako genozidioaren kontrako protestak areagotzeko garaia dela uste dugu. Adibidez, pasa den astean, Bilbon ehunka herritarrek izandako jarrera eta determinazioa txalotzekoak direla pentsatzen dugu: etapa erabat baldintzatzeaz gain, herritarren presioa eraginkorra izan daitekeela erakutsi baitzen bertan.

Gure aldetik, bat egin nahi dugu Palestinaren alde Euskal Herrian eta nazioartean egiten ari diren mobilizazio guztiekin. Bereziki aipatu nahi dugu Gazara bidean doan Global Sumud Flotilla: mundu osoko boluntarioek bertara laguntza humanitarioa eramateko helburua jarri dute, jakitun norainoko arriskuak suposatzen dituen horrek. Babesa helarazi nahi diegu bertan doazen pertsonei, eta bereziki ekimenean parte hartzen ari diren lau euskaldunei.

Esan bezala, mobilizatzen jarraitzea da herritarrok egin dezakegun bakarra. Horregatik, irailaren 12an, ostiralean, 18:30ean, beste behin Sanjuandegiko biribilgunean biltzera deitu nahi ditugu herritarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide