Elkargunea: hamar urtez elkartasunaren, borroka sozialen eta elkar-ezagutzaren topaleku

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko ira. 16a, 08:57

Elkarguneko bigarren eskuko dendaren irudi bat. (Elkar-ekin)

Modu batera edo bestera bide honetan lagun izan dituzten herritarrak mokadutxo baten bueltan bildu nahi ditu Elkar-ekinek ostiral honetan. "Elkarrekin egoteko eta solasteko tarte lasai bat hartu" nahi dute, boluntarioek egindako lana aitortzearekin batera.

2015. urteko irailaren 18an ireki zituen estreinakoz ateak Soreasuko Elkarguneak. Jaiotzear zen proiektuak, ordea, bazituen aurrekariak: Azpeitiko merkataritza txikia, kultur sorkuntza eta kale bizitza sustatzeko Azoka Herritik egitasmoa egin zen bi urte lehenago. Orduko hartan, bigarren eskuko materiala salerosteko espazio handi bat antolatu genuen Done Jakue kalean. Ordutik Elkargunea ireki arteko bi urteetan antzeko postuak jarri genituen Alde Zaharrean, Sanjuandegin, Berdura plazan eta Urrestillan.

Bagenuen eskarmentua, baina ez zen gauza bera aldian-aldian kalean azoka bat antolatzea edo astean bi egunetan irekiko genuen zerbitzu baten ardura gure egitea. Urteen joan-etorrian beharrak erakutsi digu hartu beharreko bideak zein ziren: egin ditugu aldaketak, etorri da jende berria, egokitu ditugu ordutegiak eta ireki dugu Arropagunea. Hamarkada baten ondoren, ahalegin kolektibo honetan dihardugu.

Elkartasuna xede

Herritar asko pobrezian bizi dira Azpeitian. Kapitalismoak miseria sortzen du, eta miseria hori pertsonetan (ere) gorpuzten da. Elikadura falta, etxebizitza baterako sarbiderik eza, hotza edo oinarrizko materialen gabezia. Pobreziak forma ezberdinak hartzen ditu herritarren artean, eta errealitate horiei begiratzeko eta eragiteko sortu zen Elkargunea.

Herritarren artean elkartasuna antolatzea izan da proiektuaren helburu nagusia bere sorreratik. Gure kasuan, etxeetan beharrezkoak diren oinarrizko materialak pertsona guztien eskura jartzen saiatu gara: erabilgarri egon arren erabiltzen ez ditugun materialak biltzen ditugu, modu merkean eskaini eta jendeak izan ditzakeen beharrei erantzuteko. Bereziki, etxeetan ezinbestekoak diren materialak biltzeak du guretzat lehentasuna: altzariak, arropa, koltxoiak, sukaldeko tresnak, izarak eta mantak, jolasak, bizikletak, liburuak, ordenagailuak, umeentzat sehaskak, eta abar. Kasu batzuetan, oso prezio merkean jartzen ditugu produktuak salgai; arroparen kasuan, merke saltzeaz gain, dohainik ere banatzen dugu, udalaren Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean.

Kontsumo itsuaren aurrean, berrerabilpenari aukera bat

Kontaezinak dira Elkargunean bizitza berria hartu duten produktuak. Askotariko materialak esku batetik bestera igarotzeko bidea eman du proiektuak, eta ingurumenean eragin positiboa izan duela pentsatzen dugu. "Erosi, gutxi erabili eta bota" dinamika gero eta ohikoagoa da gure gizartean: horren aurrean, berrerabiltzearen eta kontsumo arduratsuaren alde ari gara lanean.

Horrez gain, xaboi biodegradagarria saltzen dugu, eta herriko hainbat etxetan xaboi hori erabiltzen dute garbigailua jartzeko, harrikoa egiteko edo lurra garbitzeko.

Herri justu eta aske baten alde

Injustiziek sortzen dituzten ondorioak erreparatzea beharrezkoa da, baina egoera horiek betikotzera egiten dute injustizia horiek seinalatu eta landu ezean. Guretzat ezinbesteko premisa da hori, eta urte hauetan hainbat arazo sozial landu ditugu: etxegabetzeak, errauskailua, apustu etxea, Luis Enrique Sorianoren auzia eta bestelako esplotazio kasuak, elikadura, faxismoa, arrazakeria, emakume migratzaileak eta zaintza lana, Palestina eta nazioarteko egoera ezberdinak, osasun publikoa.

Egitasmo eta mobilizazio asko antolatu ditugu horien inguruan.  Bestetik, gai ezberdinen harira herritarren artean gogoeta kritikoa sustatzen saiatu gara, nagusiki, antolatu ditugun hitzaldien bidez.

Euskara da gure hizkuntza, eta euskalduntzearen borroka justizia sozialaren aldeko lanaren barruan ulertzen dugu. Bat egiten dugu Euskal Herria euskalduntzeko helburuarekin, eta bide horri gure ekarpena egiteko hainbat ekintza antolatu ditugu eta beste hainatetan parte hartu: Korrika, migratzaileentzako euskara klaseak, Errigoraren kanpainak, Sehaskako egutegien eta erliebe mapen salmenta, Zuberoako ikastolen aldeko saskien salmenta, Abenduaren 3aren bueltako hitzaldiak, Euskaraldia, eta abar.

Elkargunean lorturiko diruaren bidez eraman ditugu aurrera horiek guztiak.

Elkarlana beste eragileekin eta proiektuekin

Munduko hainbat lekutara materiala eta laguntza ekonomikoa bidali dugu: Saharara, Senegalera, Venezuelara eta Morokora, besteak beste.

Hemengo hainbat elkarte eta ekimen lagundu ditugu, materiala emanez edo ekonomikoki: Irungo Harrera Sarea, Donostiako Afari Solidarioak, Malen Etxea, Agharas elkartea, Zaporeak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Behar Bidasoa, Inor Ez Da Ilegala, Gerra hemen hasten da dokumentala, Huerta de Peraltako langileen erresistentzia kutxa, Amillubi egitasmoa, eta abar.

Gainera, proiektu horietako asko zuzenean ezagutzeko aukera izan dugu, bisitak eginez; harremanak egin eta jakintza berriak eskuratu ditugu horietatik.

Elkar ezagutzeko eta errealitate ezkutuak ezagutzeko espazioa

Herritar askok elkar ezagutzeko aukera izan dugu proiektu honen bueltan. Beti da aberasgarria jende berria topatzea eta ezagutzea. Elkargunean jatorri ezberdineko pertsona asko ibiltzen denez, herrialde eta kultura ezberdinetako herritarrak ezagutzeko aukera ere izan dugu boluntario lanetan gabiltzanok. Lagun berriak egiteaz gain, pertsona horietako askok egunerokoan bizi dituzten esplotazio eta jazarpen egoeren berri zuzenean jaso dugu.

Bestelako Azpeitia bat ezagutzeko aukera eskaini digu Elkarguneak, errealitate ezkutuen berri izateko eta horren kontzientzia hartzeko.

Boluntariorik gabe, Elkargunerik ez

Lan boluntarioak soilik ahalbideratu zezakeen Elkargunea izatea eta Elkarguneak irautea. Gure kalkuluen arabera, proiektua sortu zenetik 820 lan-txanda egin ditugu ostiral eta larunbatetan, inoiz hutsik egin gabe (jaiegun eta oporretan salbu). Horri astean zehar egindako lan guztiak gehitu behar zaizkio: arropa txukuntzea, materialak antolatzea, altzariak garraiatzea, diru kontuak eta papeleoak, garbiketa lanak. Lan eskerga dago proiektuaren atzean, baina baita boluntario talde handi eta jator bat ere.

Ezin ahaztu astero-astero Elkargunera materiala ekartzera etortzen diren herritarrak: jende asko pasatu da noizbait Elkargunetik, etxean soberan zituzten materialak uztera. Ekarpen guzti-guztiak izan dira beharrezkoak Elkarguneak aurrera egin zezan. 

Hamar urte, eta aurrera

Elkarguneko erabiltzaileen kopuruak gora egin du urtez urte, eta datu hori proiektua beharrezkoa denaren seinale dela uste dugu. Gainera, datozen garaiei begira, kezkatzeko arrazoiak izan baditugula pentsatzen dugu: gerra hotsak Europan, palestinarren aurkako genozidioa, klima aldaketa eta horren ondorioak, faxismoaren gorakada, arrazakeria, homofobia edo euskararen aurkako oldarraldia. Garaiotan herritarren arteko elkartasun eta elkarlaguntza komunitateak behar-beharrezkoak direlakoan gaude. Gure aldetik, ahalegin kolektibo honetan jarraitzeko borondatea dugu, eta gaur arte bezala, herritar askorekin egin nahi dugu bidea. 

Atea zabalik ditugu bai Elkar-ekinen eta bai Elkargunean. Modu batera edo bestera proiektu honetan lagundu nahiko luketen herritarrek bide hauek dituzte gurekin kontaktuan jartzeko.

  • Helbide elektronikoa: elkar_ekin@hotmail.com.
  • Whatsapp edo Telegram bidez: 644 96 16 06.
  • Aurrez aurre: Elkargunean, ohiko ordutegian, edo Elkar-ekineko kideren batekin, zuzenean.

Mokadutxoa ostiralean

Modu batera edo bestera bide honetan lagun izan zaituztegun guztiak mokadutxo baten bueltan batu nahi zaituztegu ostiral honetan, 18:30ean, Elkargunean bertan.

Elkarrekin egoteko eta solasteko tarte lasai bat hartu nahi dugu, boluntarioek egindako lana aitortzearekin batera

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide