Palestinarekiko elkartasuna herriko seiehun balkoitara eraman nahi du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2025ko ira. 25a, 14:45

Palestinako bandera Elizkaleko balkoi batean. (Nerea Uranga)

Gaurtik hasita, herriko zortzi puntutan eskura daitezke Palestinako banderak. Elkartasuna gizarte eremu eta espazio fisiko guztietara eramateko momentua dela uste du taldeak.

Palestina jasaten ari den genozidioaren aurrean, elkartasuna gizarteko eremu guztietara eramateko momentua dela pentsatzen dugu. Astean-astean okerragoa da Gazan bizi duten egoera, eta genozidioa gelditzeko beharrezkoak izango dira modu askotara egindako ekintzak: elkartasuna, mobilizazioa, Israelen aurkako boikot ekimena, Gazara elikagaiak eraman eta pasabide seguru bat ireki nahi duen flotilla, eta, nola ez, Palestinan egiten ari diren erresistentzia. 

Oraingoan, Azpeitiko seiehun etxebizitza inplikatzea jarri dugu helburu: horretarako, Palestinako seiheun bandera jarri ditugu eskuragai herriko zortzi puntutan: Soreasuko Elkargunea eta Arropagunea, Elikagunea, Ikasberri, Hogar Kebab (Juantxo Txiki), Orkatz, Mendata (Sanjuandegi), Coviran (Damaso) eta Jim Clark.

Banderak bost eurotan daude salgai. Gastuaren zati bat Elkar-ekinek hartu du bere gain. 

Elkartasun adierazpen handi bat egin nahi dugu ekimen horren bidez, Azpeitiko herrian Palestinaren aldeko presentzia areagotzeko. Elkartasuna eremu sozial eta espazio fisiko guztietara eramateko garaia da. Keinu bakoitza, konpromiso bakoitza, dira garrantzitsuak: presio soziala zenbat eta handiagoa izan, ardurak dituztenak behartuago sentituko dira urrats eraginkorrak egitera.

Horregatik, Palestinaren aldeko jarrera aktiboa hartzera gonbidatu nahi ditugu Azpeitiko herritarrak. Adibidez, banderak balkoietan jartzea, mobilizazioetan parte hartzea eta Israelen aurkako boikotarekin bat egitea eskura ditugun konpromisoak dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide