Palestinarekin elkartasunez lanuzteak deitu dituzte sindikatuek asteazken honetarako. Egunean zehar mobilizazio ezberdinak egingo dira hego Euskal Herriko hamaika txokotan, eta horietan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei. Jakitun gara hainbat herritarrek ezingo dutela Azpeititik kanpo egingo diren mobilizazioetan parte hartu. Hori horrela, goizeko 11:30etik 12:00ak arte Sanjuandegiko biribilgunean biltzeko deia luzatzen diegu herritar horiei.
Genozidioaren amaiera aldarrikatzen dugu, eta horretarako Israelen aurkako boikot kanpaina areagotzea beharrezkoa dela uste dugu. Eskualdean bertan ditugu Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresak, tartean armagintzari loturikoak. Genozidioa hemen ere hasten da, eta ezin dugu onartu hainbeste sufrimendu eragiten ari den okupazioarekin inor aberastea.
Gure elkartasun osoa erakutsi nahi diogu palestinar herriari, eta urte luzez aurrera eramaten ari diren borrokari. Palestinar guztiek bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea dute, inoren kanpo esku-hartzerik gabe. Herritarrak Palestinaren alde antolatzen eta mobilizatzen jarraitzea beharrezkoa izango da aurrerantzean ere. Palestinarekiko elkartasuna eremu guztietara eramatea eta Israelen aurkako boikotean sakontzea eskura ditugun bitartekoak dira, eta eginahal horretan jarraitzea da gure asmoa.