Gaur hasi da Errigoraren udazkeneko kanpaina. Elikadura burujabetza eta euskararen erabilera Nafarroako hegoaldean sustatzea helburu duen elkartea da Errigora, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra, antolaketarako elkarte forma hartu duena.
Nafarroa hegoaldea du ardatz elkarteak eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretako elikagai propioei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Hori hala, saskien salmentatik lortutako diruaren %25 Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzera bideratuko dute.
Azaroaren 13 bitarte izango dute aukera herritarrek eskaerak egiteko. Udazkeneko kanpainaren barruan hiru saski ezberdinen artean aukeratu ahalko dute herritarrek: saski beltza (60 euro), saski berdea (65 euro) edota saski gorria (75 euro). Eskaerak Errigoraren webgunean egin daitezke.
Banaketak, berriz, azaroaren 28a igaro ondoren hasiko dituzte Azpeitian; Elkargunean bere ohiko ordutegian jaso ahalko dira horiek, baita Ikasberrin ere.