Honako hau da Elkar-ekinek Azpeitiko 43 auzipetuei buruz kaleratu duen oharra:
Ezer baino lehen, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu bi prozesu judizial ezberdinetan ikertuak izaten ari diren 43 herritarrei eta beraien gertukoei.
Batetik, faxismoaren aurka egitea zilegi bezain beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Mundu mailan ematen ari diren joera erreakzionarioak gurean ere hedatzen ari dira, eta ideia horiek egunero eta eremu guztietan borrokatzea dagokigu.
Bestetik, Gaztetxearen urtemugaren egunean poliziak egindako okupazioa eta gehiegikeriak deitoratu nahi ditugu. Arkatzarekin egindako idatzi baten aitzakian, hamarnaka gazteren aurkako operatibo polizial, judizial eta mediatikoa eraiki izana erabat asaldagarria zaigu, eta poliziak ohikoak dituen bortizkeriazko jardunbide horiekin amaitzeko eskaera argia egin nahi dugu.
Azpeitiko arazo sozialak lantzen dituen kolektibo bat garen heinean, jarrera argi bat hartu nahi dugu kriminalizazio saiakera horien aurrean. Horregatik, Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformak larunbat honetarako deitu duen manifestaldiarekin bat egiten dugu, eta bertan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak.