Palestinarekin elkartasunez elkarretaratzea deitu du Elkar-ekinek ostiralerako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2026ko urtarrilaren 6a

Palestinaren aldeko abenduko elkarretaratzea. (Elkar-ekin)

Genozidioak ikusgarritasuna galdu duen arren, egoerak larria izaten jarraitzen du taldearen arabera. Gogora ekarri du Israelek 37 GKEri Gazan aritzeko baimena kenduko diela. 18:30ean jarri du hitzordua, Sanjuandegiko biribilgunean.

Palestinan egoerak larria izaten jarraitzen du. Bonba hotsak murriztu diren arren, hotza eta gosea ondorio larriak uzten ari dira. Milaka dira kanpin dendetan bizitzera behartuta daudenak, eta beste milaka kale gorrian egotera kondenatuta daude. Negu gorria iritsi da Gazara ere, eta Israel hotza eta gosea arma gisara erabiltzen ari da. Gogora ekarri nahi dugu, estatu sionistak 37 gobernuz kanpoko erakunderi (GKE) Gazan aritzeko baimena kentzeko asmoa adierazi duela. Baldintza politiko, administratibo eta ideologikoak ez betetzea argudiatu dute horretarako, eta erabakiak ondorio larriak izango ditu Gazako biztanleriarentzat, laguntza humanitarioaren zati handi bat bertan behera geratzeko arriskua baitago.

Mobilizatzen eta presioa egiten jarraitzea dagokigu. Honezkero, argi gelditu da munduko agintariek nekez egingo dutela ezer Palestinaren alde. Herritarrok kalean protestan jarraitzea da egin dezakegun gutxienekoa.

Horretarako, elkarretaratze berri bat deitu dugu datorren ostiralerako, urtarrilak 9. 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean elkartzeko deia luzatzen dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide