Palestinari elkartasuna erakusteko elkarretaratzea deitu du Elkar-ekinek ostiralerako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2026ko otsailaren 2a

Hainbat herritar Palestinaren alde egindako elkarretaratze batean.

Ostiralean 18:30ean izango da kontzentrazioa, Sanjuandegiko biribilgunean. Elkar-ekinek adierazi du asteburu honetan bertan 32 palestinar hil dituela Israelek. Protestan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Bakea eta askatasuna urrun daude Palestinatik. Paperak erraz eusten die akordioei eta sinadurei, baina genozidioak genozidio izaten jarraitzen du. Asteburuan, gutxienez, 32 palestinar hil ditu Israelek Gazan, eta su etena ustez indarrean jarri zenetik 520.

Rafah-ko pasabidea ireki izana albiste bihurtu da egunotan. Munduko Osasun Erakundearen arabera, 16.500 gazatiar gaixok edo zaurituk dute artatuak izateko handik atera beharra, baina egunero, gehienez ere, 150 palestinarrek izango dute Gazatik Egiptora joateko aukera.

Egoerak latza izaten jarraitzen du Gazan, baita Palestina osoan ere, eta guri, mobilizatzen eta presioa egiten jarraitzea dagokigu. Honezkero, argi gelditu da munduko agintariek nekez egingo dutela ezer Palestinaren alde. Herritarrok kalean protestan jarraitzea da egin dezakegun gutxienekoa.

Horretarako, beste elkarretaratze bat deitu du Elkar-ekinek ostiralerako. 18:30ean izango da, Sanjuandegiko biribilgunean, eta herritarrei han elkartzeko deia egin die taldeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide