Badatoz Munduko Jolasen hirugarren topaketak

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2026ko martxoaren 9a

Hainbat lagun iazko topaketan.

Jolastera etortzea elkartzera etortzea da lelopean egingo dute hitzordua larunbatean, 16:00etan hasita, Azoka Plazan. Familiei, eskolei, elkarteei eta edozein herritarri irekitako topaketa izango da.

Azpeitiko Azoka Plaza komunitatearen eta aniztasunaren gune bihurtuko da datorren larunbatean, 16:00etan hasita. Izan ere, Munduko Jokoen hirugarren topaketak izango dira. Elkar-ekinek herritar guztiak gonbidatu ditu jolasak ikaskuntzarako eta gizarte kohesiorako motor bilakatuko diren egunean parte hartzera.

Jolastera etortzea elkartzera etortzea da lelopean egingo dute hitzordua. Euskararen papera azpimarratzea du helburu egitasmoak, ez oztopo gisa ikustea, jatorri desberdineko bizilagunen arteko lotura gisa baizik. Hain zuzen ere, oztopoak hautsi eta elkartasun sareak eraiki nahi ditu Elkar-ekinek gaur egungo herritarren historia eta erritmo anitzak islatzen dituzten jarduera ludikoen bidez.

Familiei, eskolei, elkarteei eta edozein herritarri irekitako topaketa izango da larunbatekoa, eta munduko kontinente ezberdinetako joko tradizionalen erakustaldia izan nahi du. Arratsaldea gozatzeko, hara joaten direnek txokolate beroa eta tea dastatu ahal izango dituzte, jai giroan esperientziak partekatzen dituzten bitartean.

Jolasak proposatzeko aukera ere badute herritarrek. Oraindik ere izena eman dezakete elkar_ekin@hotmail.com helbidera mezua bidalita, jokoaren izena eta arduradun kopurua adieraziz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide