Mundu mailan aldaketa handiak gertatzen ari dira, eta aldaketa horien atzean nagusiki arrazoi ekonomikoak daudela esanez hasi zuen asteazkeneko hitzaldia Asier Blasek. Lehengaien eta baliabide energetikoen kontrolerako lehia areagotu dela aipatu zuen, bereziki AEBek horretarako apustua egin ondoren. Horri erantzuten dio Venezuelako presidentea bahitu izanak, baita Iranen aurkako gerra inperialistak ere.
Merkataritza bide berriak irekitzeko eta kontrolatzeko izaten ari diren mugimenduak aztertu zituen hizlariak, eta etorkizunean egon daitezkeen gatazka eremuen inguruan ere hitz egin zuen. Gerora begira gerta daitekeena jakitea zaila den arren, armagintzaren inbertsioa hazteak gerra arriskua areagotzen duela argiki defendatu zuen: "Mundu guztiko estatuak ari dira armagintza gastuak handitzen, eta horrek gerra gehiago egongo direla esan nahi du".
Hitzaldira bertaratu ziren herritarrek hartu zuten hitza amaieran, eta askotariko gaiak aipatu zituzten iritzi trukatzeetan eta galderetan: kriptotxanponak, AEBen eta Errusiaren arteko harremanak, demokrazia ereduak, Kubaren aurkako blokeoa eta abar. Zer pentsatua eraman zuten etxera, beste behin, Sanagustinenera joan ziren herritarrek.