Palestinarren aurkako jazarpenak ez du etenik. Ikusgarritasuna galdu du, komunikabideetan ez du apenas lekurik, baina Israelen estrategia genozidak bere horretan jarraitzen du. Besteak beste, azken asteetan, Israelgo Parlamentuak heriotza zigorra ezartzea ahalbidetzen duen lege erreforma onartu du. Neurri horrek nazioartean eztabaida piztu du, eta giza eskubideen aldeko erakundeek gogor salatu dute, preso palestinarrak exekutatzeko bide ematen duelako.
Apirilaren 10ean bete dira sei hilabete su etena formalki indarrean dela, baina nazioarteko GKEk salatu duten gisara, Israelek akordioak bete gabe jarraitzen du; goseteak bere horretan dirau, urte erdi honetan ehunka izan dira hildakoak eta milaka beraien etxeetatik desplazatuta jarraitzen dutenak. Egoerak izugarri gogorra izaten jarraitzen du palestinarrentzat, eta mobilizatzen jarraitzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Bide batez, Bartzelonatik abiatu berri den Global Sumud ontzidiari gure babesa erakutsi nahi diogu, eta indarra helarazten diegu bertan doazen hamasei euskal herritarrei.
Palestina izan da Israel eta AEBn inperialismoren jomuga nagusia azken urteetan, eta bertan egin dute genozidiorik latzena. Baina azken hilabeteetan, jazarpen inperialistak gogor jo ditu munduko beste hainbat herrialde ere: Libano, Iran, Venezuela eta Kuba, besteak beste. Herri horiei ere gure elkartasuna erakutsi nahi diegu, eta gerra inperialisten aurkako mezuekin bat egin nahi dugu.
Horregatik, ostiraleko elkarretaratzean, Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, gerra inperialisten aurkako mezua zabalduko dugu Sanjuandegiko biribilgunean. 18:30ean izango da elkarretaratzea.