Palestina bizitzen ari den egoerak larria izaten jarraitzen du. Bonbardaketek eta eraso militarrek etenik gabe jarraitzen dute, su etena deitu izan zaion egoeran ere milaka lagun hil dituzte soldadu israeldarrek. Milioi eta erdi palestinar baino gehiago daude desplazatuta Gazan, osasun sistema txikitua dago eta laguntza humanitarioa tantaka baino ez da iristen, egunero bere sarrera oztopatzen dutelako sionistek. Zisjordanian ere okupazioak bere gordinean jarraitzen du, ehunka eraikin eraitsi dituzte hilabete hauetan eta etxerik gabe utzi dituzte horietan bizi ziren familiak. Kolonoen indarkeriak ere gora egin du azken asteetan.
Bitartean, AEBek Iranen aurkako eraso militarrekin jarraitzen dute, baita Israelek Libanon ere. Inperialismoa estatu boteretsuek beste herrialde batzuetan dituzten interes ekonomikoak, politikoak eta militarrak ezartzeko erabiltzen den estrategia da, eta horren adierazle argia da Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena.
Gerra hotsak eta herrien zapalkuntzak areagotzen ari diren honetan, herritarrei kalera ateratzea eta protesta egiteko deia egin die taldeak. Hain zuzen ere, ostiralean, 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean izango da elkarretaratzea.