2020. urtean herritar talde bat batu zen Donostian, kalean bizi ziren pertsonen egoerak kezkatuta. Herritar horiei gauero otordu bero bat emateko erabakia hartu zuten, eta horrela sortu Kaleko Afari Solidarioak ekimena. Boluntario sare handi bat antolatu zen ekimenaren baitan, auzoka eta txandak eginez afari beroak prestatu eta eskaintzeko. Babes handia izan du ekimenak urte hauetan, baina aurkako jarrerak ere ez dira falta izan. Izaera arrazista duten mezuak agertu dira afari solidarioen aurka egiteko, pertsona migratzaileen aurkako mobilizazio faxistak antolatu dituzte banaketa guneetan, eta Donostiako Udalak ere hainbat oztopo jarri dizkie, besteak beste, banaketa horiek toki zehatzetan egiten debekuak eta abar. Aurtengo uztailaren 28an afariak erabat debekatzeko agindua eman zuen Jon Intxausti alkateak. Une horretan 300 pertsonei ematen zieten gauero afaltzen.
Debeku horien oinarrian arrazakeria dagoela salatu nahi dugu. Ceutara kezkaz begira gauden honetan, antzeko osagaiak dituen testuingurua dugu parez pare Gipuzkoako hiriburuan: migratzaileak delinkuentziarekin lotzea, pertsonarik zaurgarrienak gizarte arazoen arduradun egitea, eta segurtasunaren izenean haien eta haiek babestu nahian ari direnen aurka egitea. Gainera, migratzaileen aurkako giro arrazistak gora egin du pasa den astean, aire konprimituko arma batekin pertsona migratzaile bat tirokatu baitzuten Donostiako Egia auzoan.
Elkar-ekinetik gure elkartasuna helarazi nahi diegu Donostian kalean bizi diren pertsonei, baita horien mina arintzeko lanean ari diren boluntarioei ere. Aurrez egin izan dugun moduan, Elkargunean ateratako dirutik 1.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo diogu Kaleko Afari Solidarioak ekimenari.
Prekarietatea, miseria, gosea eta bazterketa sortzen ditu kapitalismoak. Hori horrela, eredu ekonomiko horren aurka egin eta justiziazkoa izan den mundu baten premia aldarrikatu nahi dugu. Bide berean, oldarraldi horren guztiaren aurrean, okerren dauden horien beharrak arintzeko herrietan eta auzoetan antolatuak dauden elkartasun sareen garrantzia azpimarratzea dagokigu.