23 urte igaro dira Zuberoako ikastoletako gurasoek eta Euskal Herriko hainbat laguntzailek Gabonak gerturatzen diren heinean tokiko ekoizle txikien produktuz osaturiko saski salmenta antolatzen dutela. Proiektuaren helburua argia da: Zuberoako ikastolak laguntzea eta lurralde horretako ekoizpenak ezagutaraztea eta dastaraztea.
Ipar Euskal Herrian instituzionalki euskarak ez du testuinguru erraza; euskara hizkuntza gutxitua da lurraldean. Testuinguru horretan ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzeko egin beharra eta Zuberoako ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko ezinbestekoa zaie Euskal Herri osoko elkartasuna.
Hiru saski mota eskaintzen dituzte: Pettarra, Arbaila eta Basabürü. Pakete horiek bi ikastolekin lotura duten ekoizleei esker osatuak dira. Denak produkzio txikian aritzen diren ekoizleak dira, eta hortaz, kalitate handikoak eta bertan ekoiztutakoak dira produktuak.
Saskia ikaskoli.eus webgunetik eskatu beharko da, azaroaren 22ra bitartean. Behin saski bat edo gehiago hautatuta, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan kokatutako banaketa gune bat hautatu beharko da. Abenduan banatuko dituzte saskiak Euskal Herri osoan, tartean Soreasuko Elkargunean.