Bertso hauek Xebastian Lizasok Argiaren 2.058. alean argitaratu zituen. Gaur egun ere eguntasunik galdu ez dutelakoan, hara hemen kantatu, ikasi edo lagunen bati bidali nahi badizkiozu ere.
Doinua: "Uso zuria errazu..."
I
Lehengo ohitura klaseak
nazkatu eta aseak. (bis)
Herritar asko gogaitu gaitu
udazken hontan paseak
usoen ordez paratxutixtak
ekarri ditu haizeak. (bis)
II
Beren «egoa» puztera
lasaitasuna haustera. (bis)
Ezin ausartu prozesuari
bere bidean uztera
pake garaian etorri dira
indarrak erakustera. (bis)
III
Airetik eta lurretik
zaindu beharra hurretik. (bis)
Emaitza onik ez dela lortzen
mehatxu ta beldurretik
badadukate zer ikasia
eskean hasi aurretik. (bis)
IV
«Mandoak» iragarriak
hirurehun bat ekarriak. (bis)
Kamioi batek hiru zapaldu
oihu ikaragarriak
ta hitzik ere ezin atera
zapaldutako herriak. (bis)
V
Militarrak zenbat urte,
aginte eta bertute. (bis)
Herritar batzuk nahiz aurka egin
inbasioaren truke
«izar» batzuek egunez ere
argia egiten dute. (bis)
VI
Jaurlaritzaren papela
hutsala eta epela. (bis)
Joateko esan eta joan ez
erakutsiaz horrela
autonomien autonomia
biluzik gelditu dela. (bis)
Xebastian Lizaso