'Jolin' nagusi Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko aza. 20a, 12:11

                                 


Azpeitian jokatutako bi kanporaketak bezalaxe Azkoitian ere oso arrakastatsua gertatu zen hirugarren kanporaketa. Taberna leporaino beteta eta halako beroa zenez izan zen bat baino gehiago txakal-aldia eman eta kanpora irten beharrean. Jende gaztearentzat erakarmen berezia dute Bertso Parrandako saio hauek, argi dago gauza hori, eta zerbait antolatzen duenak horixe nahi izaten du.

Bi talde oso desberdinak, JOLIN Jokin Uranga eta bere bi ikasle, Lide Rekondo eta Nekane Zinkunegi. Oilar ekin zioten agurretan, hala sentitzen zirelako baino gehiago behar bada beren buruei indarra emateagatik. ZAHARRAK, Josu Azpillaga, Eduardo Kaminburu eta Joxin Iturrioz, apalago azaldu ziren, beharrik gabeko hanka-sartzerik ez egiten ikasitakoen eskarmentuz. Talde bakoitzetik bertsolari bana nabarmendu zen, Jokin Uranga batean eta Josu Azpillaga bestean. Esan beharrik ez dago Josu Azpillagak berak gehiago harritu zuela jendea, Jokin Uranga ez bezala inon ez dabilen bertsolaria baita. Jendearen ustez beste erronka batzuetan ere azaldu behar luke Josuk, badu-eta kategoria, baina horixe izan ordea berak bere buruari ematen dion maila, eta hori ere errespetatu beharra dago. Bi neskak bezala bi beteranoak ere urduritasunak menderatu ezinez ibili ziren, batzuetan asmatuz eta beste batzuetan hala moduz, baina ez zuten erritmorik eten eta saio entzungarria izan zen. Bertsolariek agurrak epaia jakin aurretik kantatzen dituzte eta JOLIN taldeak galtzailetzat jo zuen bere burua, bertsoz adierazi zutenez. Epaia ez zegoen bada garbi eta epaileek lan estua izan zuten, baina haiei zegokien erabakia ematea eta JOLIN  taldeari eman zioten aurrerako aukera. Batzuek pozik eta beste batzuek harrituta beren lagunek irabazi uste/nahi zutelako. Beteranoak pozik larritasunak amaitu zitzaizkielako eta baita gazteak ere hurrengoan hobeto egin dezaketela sinistuz. JOLIN taldeak datorren ostiralean sailkatzen denarekin neurtuko ditu indarrak finalerdietan, Azkoitian, ETXE AITZEn.

Hurrengo kanporaketa beraz:

 ♦    Azaroak 24, MENDIZALEAK (AZPEITIA): Gaueko 11:00etan

 MIRUT:

·        Mikel Berasategi

·        Ruben Gorrotxategi

·        Tibalt Alberdi

XAPIOS:

·        Xabier Azpillaga

·        Jokin Sudupe “Pio”

     ·        Silvia Etxaniz

AURKEZLEA: Mikel Arregi

EPAILEAK:Lope, Ixabel

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide