'Bota bertsoa' ekimeneko sarituak

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2009ko mar. 17a, 10:03

Erniarraitzek antolatutako bertso astearen barruan, Bota bertsoa ekimena izan da aurten. Eta gero zer? gaiari bertsoa jarri eta herriko tabernetan jarritako kutxetan utzi edo e-postaz bidali behar zen. 30 bertsotik gora jaso ditugu horrela. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi!

Sari-ematea joan den larunbatean izan zen, 'Urola Kostako Hitza'-k bost urte bete dituela-eta antolatutako bertso saioan, Izarraitz pilotalekuan. Sarituek ez zuten oholtzara igo nahi izan, baina sariak jasotzeko behintzat jarriko al dira Erniarraitzekin harremanetan!


Hona hemen saritutako bertsoak.

1. saria, bi lagunentzako afaria. Gorka Urbistondo

Nere burua, etorkizuna
erregistratzen ari da,
uste ez arren, mila arazo
triste pilatu ohi dira,
xoxik ez daukat, etxea falta...
alokairuari tira,
paella triste batek Igandez
edertzen dit kalejira,
lagunak onak tokatu zaizkit
denak hain onak balira...
uste baino askoz aberatsago
nago gerora begira!!!

2. saria, 2007ko Gipuzkoako Txapelketako DVDa. Laxaro Azkune

Eta gero zer? dio gazteak,
ikasketak amaitzean,
eta gero zer?, neska-mutilek
bien bizitzak lotzean,
eta gero zer?, aitak ta amak,
beren umeak haztean.
Geroaren ametsean,
gaztetan nahiz zahartzean,
jarri ohi gara trantzean.
Galdera latz hau, hor darabilgu
beti gure bihotzean,
"eta gero zer?, bizitzan zehar,
eta gero zer?, hiltzean".

(Doinua: "Zuek horrela...")

Bertso originalenaren saria, Bertsolari aldizkariaren urtebeteko harpidetza. Inigo Mendia.

Maitasun kontuekin
beti nabil ero,
neska bat ezagutu
ta jarri naiz bero.
Etxea ta umeak
lo falta gauero,
hipotekatu nintzan
ta zer egin gero.

Zorionak sarituei eta eskerrik asko parte-hartzaile guztiei!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide